Blokea Arroka
Zailtasuna nonahi neguko bloke garaian
Azkenaldiotan oso jarduera gogorrak egin dira Europa zein Ameriketako Estatu Batuetako boulderreko eremu entzutetsuetan. Besteak beste, Fred Nicoleren «Entlinge» (8c) bitan errepikatua izan da.
Andoni Arabaolaza
Neguko kirolak pil-pilean baditugu ere, une batez alpinismo edota eski jarduerak alde batera utzi, eta blokea ematen ari den albisteei begira jarriko gara. Izan ere, negua bera ere oso garai aproposa da harri txiki horietan goi mailako eskaladak egiteko. Oraingoan, beraz, bai Europako bai Ameriketako Estatu Batuetako hainbat eremu ezagunetan izan diren berri nagusietako batzuk ekarriko ditugu orriotara.
Lehenik eta behin, geure kontinentean izandakoak aipatuko ditugu. Suitzako Murgtal aldean, adibidez, astebete buruan sona handiko bloke bat birritan errepikatu dute. Fred Nicoleren «Entlinge»ri buruz ari gara. Soilik sei mugimenduko bloke hori 2005ean sinatu zuen suitzarrak. Ziur aski inoiz egin duen gogorrena da; bai, Nicolek hainbat urte behar izan zituen blokea poltsikoratzeko. Hark esana da: «`Terremer'-en (8c+, Hueco Tanks) atzetik, uste dut `Entlinge' dela inoiz egin dudan bloke zailena».
Urtarrilean, berriz, eta bi eguneko tartean, lehen bi errepikapenak izan ditu bloke horrek. Lehenengoa, Bern Zangerl austriarrarena; eta bigarrena Franz Widmer suitzarrarena. Haien ustez, «Entlinge» 8c mailako izan daiteke.
Bestalde, baina Europatik irten gabe, Christian Corek adierazi du iaz «Goia» blokearentzat (8c, Varazze) proposatutako zailtasuna agian igo egin dezakeela. Berriro ere probatu, eta egin ondoren, uste du 8c+ izan daitekeela.
Bishop-en jarduera bizia
Europatik salto egin eta Bishopera (AEB) goaz. Inguru hartan nabarmentzekoak dira tsunami edo bloke oso garaietan eginikoak. Berez, zailtasunari dagokionez, ez dira muturreko eskaladak izan, baina kontuan hartu behar dugu arrisku handikoak direla; hots, erorketak ondo baino hobeto zaindu behar direla.
Jeremy Smith kanadarrak «This side of paradise» (7c+) bete du; gainera, bigarren saioan. Ethan Pringlek, bestalde, «Flight of the bublebee» blokea egin du. Askok eta askok diotenez, munduan dagoen 7b zailtasuneko blokerik garaiena eta arriskutsuena da estatubatuarrak igotakoa. Bloke horren hirugarren igoera da, eta hiru saio behar izan zituen.
Beste berri pare bat. Batetik, Cory French-ek «The Mandala sit start» blokea (8b+) bete du. Hori bai, errepikatzaile ia guztiek ez bezala, hasierako mugimenduak ezberdin egin zituen.
Eta bestetik, Hueco Tanks-en, Chris Webb-Parsons australiarrak «Esperanza» blokearen (8b+) igoera azkarra egin du; bi eguneko lana behar izan du. Nicolek zabaldutako bloke hau eremu hartako erreferentzia da. Gogora dezagun, Parsonsek dagoeneko 8c+ bat baduela, Dai Koyamada japoniarrak proposatutako «The Wheel of life» blokea. Hain zuzen ere, bloke hau etxean du, Australian.