KKinzona irrati «alternatibo, libre eta askeak» saretik FM 98.0 sintoniara egin du jauzi
Urretxu eta Zumarragako gazteek sortua, KKinzona proiektuaren bigarren besoak aurrerapausoa eman du; Internet bidezko irratiak FMra salto egin baitu. Fanzinearekin hasi zuen ibilbideak uhinetan du jarraipena.
Odeia AIESTARAN | URRETXU
Duela bost urte fanzine batekin hasi zen KKinzona proiektu komunikatiboa hasieran Internet bidez eta aste honetatik aurrera FM bidez entzun daitekeen irrati librea izatera ailegatu da. Aritz Ormazabal, Alex Areizaga, Ander Armenteros eta Xabier Plazaola Irratiko kideek azaldu bezala, «herriko gazteen mugimenduak herriarentzat sortutako tresna da, parte-hartzailea, irekia eta alternatiboa izan nahi duena».
Urretxu eta Zumarragan FM 98.0 sintonian entzun daitekeen Irratia herritarra eta irekia ere badela azaldu dute kideek. Eta horren lekuko da osatu duten programazioa. Izan ere, nahi duen orok nahi duenari buruzko irratsaio bat presta dezake. Hala, aste osoan zehar izango diren hainbat saio finkatuta dituzte jada. Oraingoz, astelehen iluntzetan politikaren arloko berriak aztergai dituen «Gaur egun» saioa emango dute eta astearte eta ostegunetan musika protagonista izango duten hainbat saio. Areizagak azpimarratu zuenez, «beste irrati guztiek eskaintzen duten musika komertzialetik at» kokatzen da KKinzona eta hala, soul, jazz edota hardcore estiloak landuko dira, besteak beste.
Asteazkenetan Gazte Asanbladaren txanda izango da; Ormazabalek adierazi bezala, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladaren laguntza «ezinbestekoa» izan baita Irratia aurrera eramateko orduan, eta eurek ere izango dute euren saioa. Kirolen berri ere emango dute, ostiraleko «Azken ziaboga» tartean eta egun berean, «Gutagutarrak» saioan herritarrak elkarrizketatuko dituzte.
Igandean, berriz, filosofia eta pentsatzeko irratsaio bezala definitu duten «Neuronen gauerdiko eztula» izango da protagonista.
Azken finean, KKinzona irratia «herriko jendeak entzun eta parte hartuko duen tresna izatea eta herrian erreferente izatea» dela euren helburua adierazi zuen Plazaolak. Horregatik, duen izaera irekia indartzea ezinbestekotzat jotzen dute.
Bestalde, KKinzona proiektu komunikatiboaren barnean ere urtean zehar egiten dituzten ekintzek «indar handia» dutela aipatu zuen Armenterosek. Futbito txapelketa, KKinzona Eguna edota herri bazkaria, «proiektuaren osagarri dira» eta ibilbide honetan garrantzitsuak direla aipatu zuen.
KKinzona irratian nahi duenak parte har dezakeela argitu zuten kideek eta hala, herriko hainbat eragilerekin harremanetan jartzen ari direla aipatu zuten. Eta bertako eskolekin ere bai; «inorena ez den irratia denona egitea baita helburua».