«Gure bazterrak» natura ondareari buruzko irratsaioa sarean entzungai
GARA | BAIONA
Euskal irratietako natura ondareari buruzko emankizunak Internetera egin du jauzi. Hala, Ipar Euskal Herrian zehar grabatutako saioa edozein momentutan aditu daiteke www.gurebazterrak.com helbidean.
Irratsaioa Gure Irratiko kide Lucien Etxezaharretak abiatu zuen 1997ko urrian Jakes Casaubonekin batera eta Irulegiko Irratia, Antxeta irratia eta Xiberoko Botza irratietan entzun zitekeen. Orain, Euskal Herriko hainbat gune ezagutzeko xedearekin ataria sortu dute. Webgunearen bitartez, bisitatutako herrietako biztanleen lekukotasunei garrantzia ematen zaie, «tokietako memoria biltzea ere gunearen helburuetako bat delako».
Gainera, lekuen deskribapen zehatza, toponimia, naturaren hainbat berezitasun eta euskalki desberdinetako sinonimo eta definizioen erabilerak, besteak beste, ikasteko parada ere eskaintzen du.
Nahiz eta historiak leku garrantzitsua izan, emankizunak iragana eta geroaren arteko zubia izan nahi du.