GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Maider Gonzalez Perez eta Ana Revuelta Andres Bilgune feministako kideak

Hezkidetza, oinarrizko eskubidea

Beharrezkoa da hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza Etorkizuneko herritarrek gure akats berdinak egin ez ditzaten, parekidea izango den hezkuntza hezkidetzailea behar dugu, neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen den prozesu hezitzaile kontzientea

Matrikulazio kanpaina hasi berria da, gurasoek beraien umeak zein ikastetxeetan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea. Garai honetan era guztietako eskaintza eta apaindurekin datoz hezkuntza zentroak, bezeroen bilaketan ahalik eta amu gehien erabiliz.

Ikastetxeen eskaintzen artean kalitatearen kontzeptua aurkituko dugu behin eta berriro, baina jar gaitezen pentsatzen zer ulertzen dugun kalitatezko hezkuntzaz: instalazio modernoak izatea, eleaniztasuna oinarri duten programak, teknologia berriak txertatuta dituen zentroa izatea, etxetik gertu egotea... baina zenbaterainoko garrantzia ematen diogu zer baloreetan heziko dituzten gure seme-alabak?

Hezkuntza sistema pertsonen sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, bakarra ez bada ere. Gure neska-mutilek hein handi batean, eskolak eskaini eta bultzatutako eduki, balore eta portaeren arabera jokatuko dute etorkizunean. Beraz, sexu bereizkeria eta indarkeria sexistarik gabeko Euskal Herri parekide bat nahi baldin badugu, hezkuntza hezkidetzaile baten aldeko hautua egitea ezinbestekoa da, eta hein horretan, gure gain hartu beharko dugu bakoitzak honen guzti aurrean dugun ardura. Ardura guztiona da, jendartearena, baina bereziki hezitzaile, guraso eta zentroena.

Garrantzitsua da, historia apur bat eginez, urte luzeetan eta ez hain aspaldi arte emakumeok hezkuntzarako eskubidea ukatua izan dugula gogoan izatea. Garai haietan soilik gizonezko dirudunek zuten hezkuntza jasotzeko aukera, emakumeak jakintzak beren kabuz jasotzen zituzten bitartean, kasu askotan ezkutuan. Geroago, neska-mutilak gela bereizitan bildu eta jakintza desberdinak jasotzen zituzten: neskak etxeko esparruko lanak betetzera bideratzen zituzten, mutilak bizitza publikorako prestatzen zituzten bitartean.

Mugimendu pedagogiko berrien sorrerarekin batera, eskola mistoak sortu, eta neska-mutilak espazio berdina konpartitzera pasa ziren. Horrela, sexu biak gela berean elkartu ziren lehenengo aldiz curriculum berarekin. Jendartean, aldaketa honek arazo guztien konponbidea ekarriko zuela pentsatzen zen, hurrengo belaunaldietan sexu parekidetasuna ziurtatuta zegoela. Baina denborak kontrakoa erakutsi digu.

Neskak eta mutilak elkartzean ez zen inolako neurririk hartu sexu batek bestearekiko jasaten zuen zapalkuntza ekiditeko, eta hala, eskolan ere jendartean nagusitzen diren balore, eredu eta estereotipo matxistak urteetan zehar errepikatzen direla ikusi da.

Gaur egun, hezkuntza bateratua da, baina hezkuntza prozesua ez da aukera berdintasunetik abiatzen. Nahiz eta askotan identifikatzeko zaila izan, hezkuntza sistema ez da parekidea, hezkuntzaren jarduera guztietan indarrean dirau sexu bereizkeriak: ageriko zein ezkutuko curriculumean, edukietan, espazioen banaketan, hizkuntzaren erabileran, botere harreman estereotipatuetan, balioetan, ipuinetan, adibideetan, ezagutza ezberdinen sailkapen hierarkikoan, erreferenteetan edo erreferente faltan, ikastetxe antolaketan, sortzen dizkiegun eta ikasleez ditugun itxaropenetan, jolasetan, desioetan, erreproduzitzen diren roletan eta abar luze bat.

Sexuen arteko berdintasuna lortuta dagoela sinetsarazi digu sistema patriarkalak, baina eskubide eta aukera desberdintasunak egunero bizitzen jarraitzen dugu, baita hezkuntzan ere. Nahiz eta ikasle guztiek itxuraz eduki berdinak jaso, neskak eta mutilak jendartearen baitan dagoen desberdintasun egoera batetik abiatzen dira; gaitasun zein balio maskulinoak gailentzen diren jendarte egitura batetik, non historikoki emakumeei atxiki zaizkien balore, jarduera eta ezagutzak mespretxatzen diren.

Horregatik, etorkizuneko herritarrek gure akats berdinak egin ez ditzaten, parekidea izango den hezkuntza hezkidetzailea behar dugu, neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen den prozesu hezitzaile kontzientea. Irizpide sexistak barnebiltzen dituzten gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore eta portaerak transmititu gabe heztea litzateke, pertsona autonomoak izan daitezen. Hurbileko inguruarekin bizikidetzan, beharrezko gaitasunak garatuz, jaiotzean ezarritako sexua albo batera utzita.

Finean, hezkidetzak pertsonen garapen integrala ahalbidetzen du. Jendarte justuago baterako bidea markatzen du sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna bultzatuz.

Baina aldaketa hau ez da bi hitz magiko esanda gertatuko. Beharrezkoa da hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza errealitate bihur dadin. Euskal Herriko neska eta mutilek parekidetasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea dute.

Bilgune feministatik gure ekarpena egin nahi izan dugu norabide honetan. Honetarako kaleratu genuen 2003an Minimoen Taula eta Hezkidetza Gida sortu dugu hezitzaile eta eragileek pauso praktikoak emateko erronkan laguntza gehiago izan dezaten.

Ekin diezaiogun egitasmo hezkidetzaile eta hezkuntza parekidearen aldeko hautua egiteari matrikulazio kanpainan ere. Harreman berrietan oinarritutako Euskal Herria sortzeko helburua badugu, denok dugu zer egina parekidetasuna bultzatuko duen Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala sortzeko bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo