Ukazioak eta erasoak beste behin ere espetxe espainol eta frantsesetan
Ziegak banatzeko era salatzeko protesta egitean, hiru euskal presok erasoak jasan dituzte. Asteotan Estatu espainol eta frantsesean euskal presoek izandako erasoen zerrendan bat gehiago da Valdemoro-ko espetxean jazotako hori. Toledoko espetxean Aitor Herrerari telefonoz hitz egiteko aukera ukatu diote. Batean eta bestean errepikatu dira jazarpenak, amnistiaren aldeko mugimenduak salatu duen eran.
GARA |
Euskal preso politikoek Estatu espainol eta frantsesetan jasaten dituzten erasoak eta eskubide ukazioak etengabekoak dira. Amnistiaren aldeko mugimenduak azkenaldian jazotakoak bildu eta jakinarazi ditu.
Besteren artean, Ocaña II espetxean, Toledon, dagoen Aitor Herrera preso santurtziarrak pairatutako azken erasoa gaitzetsi dute. Herrerari bere amarekin telefono bidez hitz egiteko baimena kendu egin zioten. Emandako argudioa «telefonoaren erabilera okerra» egin duela izan zen. Amarekin telefono deia izateko baimena kentzeaz gainera, patiora ateratzeko eskubidea ere ukatu egin diote euskal presoari hogei egunez.
Bestalde, Madrilen, Valdemoro-ko espetxeko 7. moduluan «bikoizketekin arazoak» dituztela ohartarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Esaterako, Pasai Donibaneko Alain Luna euskal presoa preso sozial batekin dute ziega berean. Egoera hau salatzeko asmoz, planto egiten ari dira, patioan eseri eta ordua iristean ziegara igotzeari uko eginez.
Planto egiteagatik kolpatuak
Hala egin zuten pasa den urtarrilaren 27an eta 28an eta asmo bera zuten hilaren 30erako ere. Baina egun horretan patioan eserita egon eta ziegara igotzeari ezetz esan ziotenean, kartzeletako hamabost funtzionariok Alain Luna, Arkaitz Antza eta Luis Goñiri eraso egin zietela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Ohartarazi duenez, ziegetara bidean zihoazela, hiru preso politikoak kolpatu zituzten eta Luis Goñi eskaileretatik botatzen saiatu ziren funtzionarioak. Tirabira honen ondotik, Pasai Donibaneko preso politikoak preso sozial batekin jarraitzen du ziega berean. Valdemoro-ko espetxean dauden euskal presoek planto egiten segituko dutela adierazi dute, Lunak beste euskal preso batekin partekatu arte bere ziega.
Ekimenak La Santé-n
Euskal preso politikoek eta beren senideek eta lagunek jasaten dituzten erasoak ere salatu dituzte; izan ere, aurreko asteburuan bisitan zihoan autobus batek erasoa izan zuen. Hain zuzen, Puerto de Santamaria-ko espetxera (Cadiz) bisitan zihoazen senideen eta lagunen autobusari margoa bota zioten. Espetxeetara bidean den autobusen bati erasotzen dioten lehen aldia ez da izan aurreko asteburuko hori, duela hiru aste beste ibilgailu bati gurpilak zulatu baitzizkioten. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman zuenez, «salaketa judizialak» jarri dira pairatutako erasoak direla medio.
Pariseko La Santé espetxean preso dauden hamar euskal herritarrek azaroa eta abendua bitartean zenbait ekimen eraman zituzten aurrera. Zuhaitz Errasti, Iñaki Garcia, Grazi Morcillo, Xabier Agirre, Unai Fano, Maria Lizarraga eta Zorion Zamakola Estatu espainolera entregatuak izan zirela salatzeko patioan 15 minutuko plantoak egin zituzten. Euskal preso politikoen senideek eta lagunek jasaten dituzten auto istripuak salatzeko asmoz, patioan kartelak jarri ere egin zituzten.
Dispertsioak arriskuan jartzen ditu presoen senide eta lagunak. Azken asteetan, Jon Villanuevaren lagunek, Gaizka Larriñagaren neskalagunak, Ugaitz Perezen lagun batek eta Felix Garciaren senideek auto istripuak izan dituzte espetxeetatik bueltan zirela.
Hain zuzen, dispertsioa salatu eta presoen eskubideak aldarrikatzeko larunbatean 22 lagun batu ziren Hondarribian.
Bestalde, atzo arratsaldean Joxe Maria Aranzamendi Katxueri omenaldia egin zioten Elorrion. Katxue orain hamabi urte hilda agertu zen Alcala Meco-ko espetxeko ziega batean. Ia ehun lagun bildu ziren Elorriko omenaldian.
Valdemoro-ko espetxean, Alain Luna ziegan euskal preso batekin jartzeko eskatzeko planto egin zuten. Ziegara igotzeari uko egin ziotenean, hamabost funtzionariok hiru euskal preso kolpatu zituzten.
Puerto de Santamaria (Cadiz) espetxera euskal presoak bisitatzera zihoan autobusari eraso egin zioten. Ibilgailuari margoa bota zioten. Halako erasoren bat gertatzen den lehen aldia ez da, eta salaketa judizialak jarri dituzte.