GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Talo eguna Lasturren

Usadioa berreskuratu eta bide batez, sos batzuk bildu

z zegoen giroa kalean paseatzen ibiltzeko eta hotzak goizeko lehen orduetan bisitariak nagitu zituen. Baina Lasturren suak eta talo usainak giroa goxatu zuten. Txistorraz edota hirugiharrez lagunduta jaten gustura, baina haiek egin eta tertulian aritzeak ere badu xarma. E

p012_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Aitzakia handirik ez da behar aspaldian batean eta bestean taloa jateko, apenas egiten baita jairik talo posturik gabe. Atzokoan, ordea, aspaldiko urteetan egin ohi duten moduan, Lasturren jaki hau bilakatu zuten jaiaren protagonista.

Suaren epelean bildu ziren herritarrak «Lasturko erara» taloak egiteko. «Bai, toki askotan irina erabiltzen dute taloa lantzen dutenean, inguru honetan trapu hezeak erabiltzen ditugu; gainerakoan jateko orduan irin zaporea izan dezake, horrela ez», halaxe azaldu zuten desberdintasuna Ima Gabirondo eta Itziar Salegik jo eta su taloak egiten ari ziren bitartean. Beste dozena bat pertsona zituzten alboan, haiek ere serio taloak egin eta egin, Juanma Loidik prestatutako orea zanpatuz. Sekretu handirik ez duela zioen: «Ura, gatza eta arto-irina nahastu eta kito!». Taloari itxura ematen eta txapa gainean erretzen ari zirenek ez zuten inor talorik jan gabe etxera bidaltzeko asmorik, eta guztiak asetzeko adina egiteko prestutasuna zuten. «Orain ordu ona da taloak jateko, egin ahala bero-bero ateratzen dituzte-eta», gomendatu zuen Gabirondok.

Bisitan etorritakoentzat bakarrik ez, ordea, eurek ere eguna taloa janez hasi baitzuten: «Ez gara urdaila hustuta lanean hasiko», zioten barrezka. Taloari makina bat jaki egokitzen zaizkio: txistorra eta hirugiharra ohikoenak badira ere, gazta edo txokolatearekin ere primerako bikotea osatzen du. Gainerakoan, aspaldian bezala, esnetan bustita. «Esan ohi da taloa jaten zenbat hartzen diren begiratu gabe aritu behar dela, esne gutxi xurgatzen du eta beti izaten da beste bat bustita jateko adina esne edalontzian».

Lasturko taloen usadioa berreskuratzeko abiatu zuten jaia, sos batzuk biltzeko modu ere bilakatu dute eta Itziarko eta Debako merkatuetan ere izan dira, «baina ez pentsa, ez dugu guretzako negoziorik egiten, baterako eta besterako biltzen dugu dirua, inguruko telebista antena konpon- tzeko, esate baterako». Baina taloak egin eta egin ari zirela bururatu zitzaizkien beste proposamen batzuk ere: «Egunen batean guretzako bilduko dugu asteburu pasa joateko».

Talde ederra taloak egiten ari zen bitartean, metro batzuk urrunago Jose Luis Garmendiak martxan jarri zituen errotak. Orain hamar bat urte berreskuratu zituen eta negozio handirik ez, baina batean eta bestean taloak egiteko arto-irina ehotzen du.

Aspaldian herri orotan izaten zen errotaren bat eta bertara eramaten zuten herritarrek artoa eta garia irina egiteko. Egun apenas dago martxan errotarik eta Garmendiak eskolako haurrei erakustaldiak egiten dizkie haien funtzionamenduaren funtsa ezagutu dezaten. «Taloa jan bai, baina nondik datorren jakitea ere interesgarria da», iritzi zion.

Jaia, nola ez, hain ezagun diren Lasturko zezenkoek eta haiek zirikatzen aritu ziren gazteek borobildu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo