GARA > Idatzia > > Mundua

Madagaskarren «Dolu Eguna» ezarri ondoren, borroka agindu du Andry Rajoelinak

Madagaskarreko krisia gero eta larriagoa da, asteburuko istiluen eraginez. Andry Rajoelina Antananarivo hiriburuko alkateak Marc Ravalomanana presidentearen aurkako borrokan jarraituko duela agindu zuen atzo, gaurko, herrialde osoan, «Dolu Eguna» ezarri ondoren.

Gregoire POURTIER |

Larunbateko manifestazioan hildakoen kopurua handiagoa da, atzo zabaldutakoaren arabera: hogeita zortzi hildako, gutxienez. Erietxeetan dozenaka lagun ikus zitezkeen atzo, etxekoren bat hildako edo zaurituen artean ote zegoen jakin nahian.

«Hiriko hiru erietxe garrantzitsuenetan hogeita zortzi hildako eta berrehun eta hamabi zauritu zenbatu ditugu», adierazi dio France Presse agentziari Madagaskarreko Segurtasun Indarretako Lala Rakotonirina kapitainak. Hamar zauritutatik bederatzik bala zauriak dituzte, Eric Rambinison Unibertsitateko Erietxeko zuzendariak jakinarazi duenez.

Rajoelina bera erietxeetan ibili zen atzo, bere jarraitzaileei adorea emateko. «Herritarrei esan behar diet beraien ahalegina, beraien odola, ez dela alferrik galduko. Borrokak aurrera jarraituko du», adierazi zien kazetariei hiriburuko alkateak.

Begiraleek uste dute larunbateko istiluek eta sarraskiak eraginik izango dutela presidentearen eta alkatearen arteko borrokaren bilakaeran. Abenduan hasitako krisi politikoa urtarrilaren 26an gaiztotu zen eta geroztik ehun hildako inguru eragin ditu. Rajoelina krisi ekonomikoak kaltetutako madagaskartarren bozgorailua bihurtu dela esan daiteke.

Azken agurra

Atzoko eguna lasaia izan zen Antananarivo hiriburuan. Iganderoko jarduerak izan ziren nagusi. Elizetara kristau ugari joan zen, esaterako. Arratsaldean 5.000 pertsona inguru elkartu ziren, larunbatean hildakoak omentzeko, horretarako propio prestatutako kirol instalazioetan. Ez zen istilurik izan.

Benedikto XVI.a Aita Santuak Indikoko uharte handiko krisiak eragin dion kezka adierazi zuen.

Larunbat gaua, aldiz, oso iskanbilatsua izan zen. Hiriburuko auzo batzuetan lapurreta ahaleginak izan zirela jakinarazi du Poliziak.

Igandeetan Madagaskarren argitaratzen den egunkari bakarrak ale berezia jarri zuen salgai. «Sarraskia!», irakur zitekeen «La Gazette» egunkariko lehen orrialdean. Argazki handi samar batean Analamanga telebistako kazetari bat ikus zitekeen, soldaduek tiroka zauritu ondoren odoletan.

NBEren ahalegina

Edonola ere, nazioarteko bitartekariek egin beharreko lana gero eta zailagoa izango dela dirudi. Ban Ki-Moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Haile Menkerios bidali du uhartera. «Indarkeria saihesteko eta bakea eta egonkortasuna sendotzeko Nazio Batuek zer egin dezaketen aztertzeko», Menkeriosek gaur bertan bilera egingo du Andry Rajoelinarekin.

100 hildako

Ravalomananaren Gobernuaren aurkako manifestazio asko egin da Madagaskarren urtarrilaren 26az geroztik. Protestaldi horiekin zerikusirik zuten istiluetan 100 lagun inguru hil dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo