Finalerdietako ligaxka
Paxkal Ezkurrak, itxura bikaina emanez, finalerako bidean lehen urratsa egin du
EZKURRA II 40
KURUTXARI 15
J.L. | ARRANGOITZE
Paxkal Ezkurrak finala jokatzeko lehen urratsa eman zuen atzo Kurutxari astindu ostean. Urruñako atzelaria zen irabazteko faboritoa, baina inork ez zuen pentsatzen horrelako erraztasunarekin nagusituko zenik, norgehiagoka nahi bezala eraman baitzuen.
Lapurtarra jaun eta jabe izan zen, eta aurkaria hasieratik menperatu zuen. Botearekin min handia egin zuen. 15 sartu zituen, eta horrenbeste tanto hasierako jokaldiarekin egiten badira, gero, oso zaila da partidak ihes egitea, eta horrelaxe izan zen.
Hori gutxi ez eta, piloteoan ere mendean izan zuen aurkaria, eta kintzea oso erraz amaitu zuen. Itxura bikaina eman du iazko txapeldunordeak, eta Kurutxarik, berriz, uste baino askoz ere ahulagoa.
Bigarren jardunaldia datorren igandean jokatuko da Garindainen, eta bertan Ezkurra eta Waltari elkarren aurka arituko dira, eta Ozafrain eta Kurutxari ere bai. Jardunaldi horren amaieran finalista bat zein den jakingo da, eta beste bat aukerarik gabe geratuko da.