Berezkoak
Waltarik sakearen bidez birrindu du Ozafrain
Kubatarrak 18 kintze lortu zituen boteari esker, baina bigarren jokaldian ere tanto asko egin zituen, eta finalerako lehen urratsa eman du.
WALTARI 40
OZAFRAIN 11
Jon LEUNDA | ARRANGOITZE
Waltariren eta Ozafrainen arteko dema zen finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko partidarik erakargarriena. Txapelduna eta txapeldun ohia aurrez aurre, baina amerikarrak ez zion Nafarroa Beherekoari inongo aukerarik eman
Emaitzak dena erakusten du, baina partidako gakoa sakean egon zen. Kubako pilotariak kintzeen erdiak egin zituen botearekin, baina lehenengo jokaldian lortzen ez zuenean, bigarrengoan lortzen zuen, eta erraz egin zuen aurrera.
Hasierako jokaldiarekin horrelako mina egiten denean, partida erraz joaten da, eta atzo garbi erakutsi zuen hori Waltarik. Berak kintzeak azkar finitu nahi izaten ditu, eta atzo horrelaxe egin zuen.
Ozafrainentzat sekulako gurutze bidea izan zen atzokoa. Ezin zuen errestoan asmatu, ateratako sakeak ikaragarriak ziren, eta pilota onera bidaltzea lortzen zuenean ere doi-doi izaten zen, eta salduta geratzen zen, eta horrela ezinezkoa da ezer egin ahal izatea. Atzoko garaipenaren ostean, Waltarik urrats handia eman du finalerako bidean, eta Patrickek, berriz, gauzak zail izango ditu, horretarako beste bi partidak irabazi egin beharko baititu.