GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Azpeitiko EAko 30 afiliatuk alderdia utziko dutela iragarri dute

GARA |

«Gure herrian azken urteetan Azpeitiko Eusko Alkartasuna gidatzen eta publikoki ordezkatzen dutenek erakutsi dituzten jarrera eta zenbait jokabiderekin, gure desadostasuna eta ezin ulertua» argudiatuta, Azpeitiko 30 afiliatuk, tartean Azpeitiko Udalean alkate eta zinegotzi karguak izan dituzten kide batzuk, alderdia uzteko asmoa agertu dute «Urola-Kostako Hitza»ra bidalitako gutun batean.

Euren hitzetan, «azken bi legealdietan Azpeitian EAk eraman duen politikak EA porrotera eraman du». Gaitzetsi egin dute aurreko legealdian EAko zinegotziek «gobernatu eta aldi berean oposizioa» egin ziotela EAJri, «ezadostasuna gainera publikoki irudikatuz». Ez eurek eta ez herriak ulertu ez zuen jarrera dela nabarmendu dute eta gainera honek EAk hauteskundeetan jasotako boto kopurua murriztu zuela azaldu dute.

«Hau gutxi ez eta 2007ko ekainean, Azpeitiko alkatearen aukeraketan, EAko bi zinegotziek Alkatetza EAE-ANVri eman zioten», gaineratu dute gutunean. Erabaki hori, besteren artean, «Euskadi mailan Eusko Alkartasunak EAJrekin zuen akordioa ez zutela bete» argudiatuz kritikatu dute.

Inazio Uriaren heriotzaren ostean Azpeitian EAk izan zuen jarreraren inguruan honakoa diote: «Herritar baten erailketa gertatu behar izan da, EAko bi zinegotziek, Udal Gobernua derrigortuta uzteko eta bietako batek zentsura mozioa onartzeko. Baina beste zinegotziak, EAko afiliatu denak, mozio honi kontrako botoa eman zion».

Kritikatu egin dute halaber, ezker abertzalea Alkatetzatik kentzeko egin zen udalbatzan zentsura mozioari kontrako botoa eman zion zinegotziak erabakia «derrigortuta» hartu zuela esan izana. «Berriro ere ez da alderdiaren agindua osorik bete», nabarmendu dute alderdia utziko duten EAko kideek.

«Guk jokabide hau ezin dugu ontzat eman -jarraitzen du idatziak-; giza eskubideak gizakion bizikidetzarako oinarriak ditugu, beraz, printzipio hauek gidari argiak izan behar dute edozein erabaki politiko hartzerakoan».

Nabarmendu egin dute «Azpeitiko EAn, alderdi barruko bi sentsibilitateen integrazio ahaleginak ere egin izan» direla, baina «erantzuna ezezkoa izan da beti».

Alderdia utzi nahi duten afiliatuen sinadura zerrenda EAko zuzendaritzara bidaltzeko asmoa agertzen du azkenik gutunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo