Ainhoa Mendibil eta Unai Txurruka IAko bozeramaileak
Salbuespen egoeraren gainetik, ikasleria eraikitzera!
Askatasun demokratikoen eta elkarbizitzaren eredu beharko luketen ikastetxeak egungo jendarte atzerakoi eta patriarkalaren transmisiorako tresna bilakatu dira
Salbuespen egoera diogu ikasleok. Bai. Salbuespen egoera bizi dugula egunero-egunero gure ikastetxe eta fakultateetan jasaten ditugun erasoaldi neurrigabeengatik. Zapaldutako kolektibo bat garela aspaldi jakin genuen euskal ikasleok. Horren aurrean altxatu eta gure eskubideak berkonkistatzeko antolatu eta borrokatzeko hautua egin genuen ikasle ezkertiar eta abertzaleok orain 20 urte.
Azken hilabeteetan Euskal Herriko ikastetxeetan ematen ari den egoera autoritario eta errepresiboa salatu nahi dugu, halaber. Ez baitira adibide bakanak gure borroka esparru naturala den ikastetxean antolatzeko traba etengabeak izatea Bilboko Solokoetxe institutuan, gure kultura eta jai egunak aldarrikatzeagatik EAJren polizia autonomikoak hainbat ikasle identifikatu izana Markinan iragan abenduaren 3an, eta ikastetxera sartu izana. Aipatzekoak dira, era berean, ikasleon eskubideen urraketen aurkako protesta bat egiteagatik gurasoei etxera gutunak bidali izana Zizur Nagusian, edo Elgoibarko ikasleek euren grebarako eskubidea etengabe zapaldua ikustea. Kontrolerako kameren kopurua erabat handitu da ikastetxeetan, kartelak jartzeko ezintasuna eguneroko ogi bilakatu zaigu...
Eta askatasun demokratikoen zapalketa hauek gutxi balira bezala, Iruñerriko ikasleek jasaten duten errepresio bortitzak ez du izenik. Eskola eremuan zuzendari eta irakasleen oniritzia ez duen edozein jokabide eta pentsamendu autoritarismoz eta kontrol sozialarekin isildua da. Eskola eremutik kanpo, bestalde, kolore ezberdinetako indar polizialek, ikastetxeko agintariekin elkarlanean, ikasleak identifikatu, jarraitu eta mehatxatu egiten dituzte. Horren adibiderik garbiena, iragan irailean Iturramako institutuko ikasleek eginiko omenaldi baten aurrean zuzendariak hartutako errepresio neurrien jauzi kualitatiboa dugu. Ekitaldia bera debekatu eta antolatzaileen kontrako neurriak hartu ditu, antza. Dagoeneko 16 ikasleren izenak helarazi dizkio Poliziari, eta Poliziak bi ikasle, adin txikikoen Fiskaltzak hala eskatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali ditu deklaratzera. Ikasle horien gurasoen ahotsa ere isilarazia izan da euren seme-alaben eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeagatik.
Askatasun demokratikoen eta elkarbizitzaren eredu beharko luketen ikastetxeak egungo jendarte atzerakoi eta patriarkalaren transmisiorako tresna bilakatu dira. Ikasleria akritiko, sumiso eta konformista hezi nahi dute. Euren lege eta dekretu inposatuen aurrean isildu eta makurtuko den ikasleria nahi dute.
Horren aurrean, ikasle ezkertiar eta abertzaleok borrokarako grina are eta biziagoa dugu egun. Gure eskubideak defendatzen jarraituko dugu. Euskal Herriko ikasleok hezkuntza sistema espainiar eta frantsesaren gainetik gurea eraikiko dugu, hezkuntza sistema nazionala eraikiko dugu. Eta osatzen dugun kolektiboa desagerrarazteko darabilten estrategia infantilizatzaile eta alienatzailearen gainetik, ikasleria gorpuztu eta borrokara lotuko dugu. Nahikoa helduak garelako, salbuespen egoeraren gainetik, ikasleria eraikitzera!