GARA > Idatzia > > Kultura

«Ahuntza edo Nor da Silvia?», gizakien eta animalien arteko maitasun istorioen bueltan

Txalo Produkzioak «Ahuntza edo Nor da Silvia» lana estreinatuko du ostiralean, Donostian, eta zoofiliari buruzko eztabaida mahai gainean jarriko du komedia sendo baina tragedia hunkigarrian bilakatuta.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Martin arkitekto famatua da, Pritzker sari entzutetsua irabazi berri duena. Elenarekin ezkonduta dago, eta, itxura guztien arabera, bikote perfektua osatzen dute. Bien arteko harremana mila puskatan hautsiko da, ordea, Martinek Silvia maite duela aitortzen duenean. Silvia ahuntza da, baina, eta handik aurrera, Martin bera ere animalia balitz bezala ikusiko dute ingurukoek. Edward Albee-ren lanak giza izaera aztertzen du modu suntsitzaile, absurdo eta probokatzailean, eta hori izan da Carlos Zabala zuzendariak euskarara ekarri nahi izan duena. «Bestialismoari -zoofilia- buruzko tragikomedia guztiz errebultsiboa da, baina puntu horretatik harago doa; gizaki baten eta animalia baten arteko maitasunaz hitz egiten du», azaldu zuen zuzendariak.

Aktoreengandik konpromiso handia eskatzen du lan horrek, «exijentzia maila handia» dauka, haren iritziz. Ramon Agirre aktorearen arabera, «ez da erraza ulertzen, interpretatzen. Atxikimendu emozional handia eskatzen du eta ez da txantxetako gauza». Agirreren hitzetan pertsonaia ulertzera behartzen duen lana da eta obran lantzen den gaia «labainkor eta delikatutzat» jo zuen. Berarekin bat etorri zen Ane Gabarain aktorea -Asier Hormazak eta Asier Oruesagastik osatzen dute aktore zerrenda-. «Lau pertsonaiak dira indar handikoak, eta laurekin identifika zaitezke, guztiek baitituzte pisuzko arrazoiak egiten dutena egiteko eta esaten dutena esateko», esan zuen.

Egia osoa ona ote?

Ikusleen artean erreakzio soka ekar dezakeen obra honek azpitrama bat duela gaineratu zuen Carlos Zabalak. Izan ere, Martinek jasotzen duen saria dela-eta, etxekoen laguna den kazetari batek (Asier Hormaza) elkarrizketa bat egiten dio, eta bertan aitortzen du Martinek Silviarekiko duen maitasuna. Kazetariak ez daki zer egin; emazteari kontatu, ala lagunaren sekretua gorde. «Berak ahoa irekiko ez balu, tragedia hau ez litzateke gertatuko», azaldu zuen zuzendariak. Beraz, «egia osoa esatea zenbateraino da egokia?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo