GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

PuntuEUS eta kito

 

Astebeteko epean 18.000 sinadura lortzea eta norbanakoak zein talde eta elkarteak ate-joka izatea, egiatan, arrakasta handia lortzea da. Horixe da puntuEUS ekimenak lortu duen arrakasta. Ekimenaren bultzatzaileek urtebete luzea daramate proiektuan lan egiten, isilean, eta inork gutxi izan du egitasmoaren berri urtarrilaren 29an jendaurrean aurkeztu duten arte. Eta hala ere, nahiz eta askok inoiz pentsatu ez zuten .eus domeinuaren aukeraz, nahiz eta hainbatek jakin ez zekien zer den domeinua eta nork ematen duen, puntuEUS proiektua entzun eta atoan eman dute izena, bat egiteko nahian, bultzatzeko gogoz, aurrera ateratzeko asmoz.

Zergatik? Zer dela eta hainbesteko adostasuna bi lerrotan azaldu den proiektuarekiko? Erantzun posible asko daude. Bat: guztiok biltzen gaituen gauza bakarraren inguruan deia egin zaigulako, euskara; ez Euskadi, ezta Euskal Herria ere; kontzeptua «euskal» da, soilik. Bi: gune komunak sortzeko gose garelako. Nazkaturik gaude zokoratzeaz, alderdikeriaz, hauteskundeei begirako kalkuluez eta aurpegiratze antzuez. Hiru: positibo pentsatu nahi dugu, asmo eraikitzailez, aurrera atera gaitzaketen egitasmoez, pauso bat harago doazen ideiek asebetetzen gaituzte. Lau: mugak apurtzeko beharra sentitzen dugu, eta proiektu honek aukera ematen digu nazioartean pasaporterik gabe agertzeko, izen bakarraz, Basque izenaz. Bost: sinbo-  loak mugatzaileak izan daitezkeen arren, beharrezkoak ere badira; identitatea ematen digute kanpoaldean eta barneko eremua ere marrazten dute.

Horregatik izan da hain arrakastatsua puntuEUS proiektua. Horregatik bultzatu dugu. Eus eta puntu. PuntuEus. Eus eta kito.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo