GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Palestinarrekiko gatazka ez da erabakigarria izango Israelgo Gobernu berria osatzeko

Atzo israeldarrek bozkatu egin zuten Knesset berria hautatzeko, ondoren horrek Gobernua osa dezan. Oraingoan ere koalizio gobernua izan beharko du, eta aukera bat baino gehiago dago. Palestinarrekiko gatazkari dagokionez, zaila zuten israeldarrek hautagairik zurrunena hautatzea. Israelgo gizartea eskuineko, are eskuin muturreko aukeretara lerratu da. Eta oraindik orain Gazan egindako sarraskiak zerikusirik izan du lerratze horrekin. Segurtasuna eta, beraz, «terrorismoaren» kontrako borroka edo, bestela esanda, palestinarrei genozidioraino erasotzea israeldar askoren lehentasunezko eskakizuna da. Hartara, Tzipi Livni eta Ehud Barak saiatu badira ere Benjamin Netanyahu eta Avigdor Lieberman baino «bakezaleago» agertzen, beraiek Gobernuan zirela Gazan egindako sarraskiak ez du zalantzarako tarte handirik utzi gatazkaren kudeaketari dagokionez. Israel Beitenuk eta Likudek bezala, Alderdi Laboristak eta Kadimak ere okupazioari eustea eta koloniak eraikitzea aldarrikatzen dute. Beraz, krisi ekonomikoa edo Iranen «mehatxuak» Gobernua osatzeko erabakigarriagoak izango dira palestinarrekiko gatazka baino, azken hori alderdi nagusiak bat datozen gaia baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo