GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal gazteen prentsaurreko bat zapuztu du Poliziak Iruñean

Hainbat gazte independentisten prentsaurrekoa zapuztu zuen atzo Polizia espainolak Iruñean. Ekitaldia hastear zenean iritsi ziren poliziak Txantrea auzoko plazara, eta legez kanpoko elkarretaratzea zela argudiatuz, bertan ziren 40 lagun identifikatu zituzten, tartean kazetariak ere bai. Auzitegi Nazionalera bidaliko zituztela mehatxu egin zieten.
p019_f01_100x110.jpg

GARA |

Goizeko hamaikak jota ziren eta Iruñeko Txantrea auzoko Argiurdineta plazan hastear zegoen gazte independentisten prentsaurrekoa. Azken hilabeteotan Nafarroako gazteria pairatzen ari den errepresio erasoaldia salatzeko antolatu zuten, hain zuzen, prentsaurrekoa. Ekitaldia hasi baino lehen normaltasuna zen nagusi eta istilurik ez zela izango zirudien arren, ezustean Polizia espainola azaldu zen prentsaurrekoa zapuzteko asmoz, bai lortu ere.

Hasiera batean, Alfredo Perez Rubalcabaren agindupeko poliziaren bi patruila bertaratu ziren eta jarrera bortitzez hurbildu ziren gazteengana. Bertan elkarretaratzea egiten ari zirela esan zieten han bildutakoei eta hori egiteko baimenik eskatu ez zutela esanda, alde egiteko agindu zieten. Baina gertaera ez zen hor amaitu, handik gutxira beste bi polizia furgoneta azaldu baitziren. Gainera, plazan hainbat polizia sekretu zebiltzan.

Poliziak bertan bilduta zeuden berrogei lagunak banan-banan identifikatzen hasi ziren, tartean prentsaurrekoaren berri emateko han ziren kazetari eta argazkilariak. Tentsio uneak bizi izan ziren tarte horretan.

Bertan zeuden guztiak identifikatu ostean, poliziek prentsaurrekoa emateko prest eserita zeuden gazteei Auzitegi Nazional espainolera deklaratzera joan beharko zutela mehatxu egin zieten gazteak beldurtze aldera.

Atxiloketa faltsua

Polizien irain eta mehatxuak ez ziren hor bukatu ordea. Inolako arrazoirik eman gabe, sei gazte taldetik aldendu eta bertatik eraman zituzten, atxilotu balituzte bezala.

Hasiera batean, hori gertatuko zela zirudien, hots, gazteak atxilotuko zituztela, baina azkenean ez zuten esandakoa bete eta gazteak aske utzi zituzten.

Gainera, polizia espainolak bertan ziren bi adingabe eramaten saiatu ziren ordu horretan eskolan ikasten egon behar zutela esanez. Horretan jarraitu zuten poliziek gazteen gurasoak azaldu eta haien kargu egin ziren arte.

Iturrama ikastetxeko zuzendariaren jarrera salatu dute gazteek

Polizia espainolek goizean prentsaurrekoa egiten utzi ez zieten arren, gazte independentistek ohar bat bidali zieten komunikabideei esateko zutena plazaratzeko.

Prentsa ohar horretan joan den abuztutik hona Iruñerriko gazteriaren aurkako errepresio erasoaldiak etenik ez duela izan gogorarazi ostean, Iturrama ikastetxeko zuzendari Pedro Otaduyk zentroko 17 ikasle «salatu» izana gaitzetsi zuten.

«Poliziari haien izenak lasai asko eman eta gero, harrotasunez 40 ikasle bere bulegotik pasarazi zituen, eta Auzitegi Nazionalean nor salatu zuen eta nor ez barrezka azaldu zien», jakinarazi zuten gazte independentistek. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo