GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Duintasunez hiltzeko eskubidearen gaineko eztabaida Italian

Garaiz iritsi zitzaion heriotza eluanari

Eluanak arnas hartzeari utzi, eta beste askok orduan lasai hartu. Italiako Gobernua presaka egiten ari zen legea ez zen garaiz iritsi. Heriotzaren biharamunean, agindutakoa bete izanaren lasaia aitak; emakumea hil izanaren akusazioa, berriz, betikoen ahotik.

p006_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Legea ez, baina heriotza garaiz iritsi zitzaion Eluana Englaro emakume italiarrari, jaten eta edaten emateari utzi, eta hiru egunetara hil baitzen, astelehen gauean, Senatuan korrika eta presaka onartzen ari ziren bitartean hura berriz elikatzen hasteko legea. Gisa honetan eman dio amaiera hamazazpi urte luzez bizitako kalbarioari.

Alabaren egoera tamalgarriari amaiera emateko borrokan aritu den aitak, Beppino Englarok, «bakarrik egoteko» desioa agertu zuen alabaren heriotzaren berri izan bezain pronto, eta berarekin hitz egiteko aukera izan zutenek, lehenengoz entzun omen zuten negarrez, oztopo guztien gainetik alabaren desioa bete izanak askatutako korapiloagatik, akaso. Izan ere, behin eta berriz errepikatu du aitak bere asmo-gogoak alabari egindako promesa betetzen agortuko zituela. «Koman zegoen lagun bati egin zion azken bisitatik itzuli zenean, berak ez zuela halako egoeran inoiz egon nahi esan zidan, eta promes eginarazi zidan, edozein gauza gertatuta ere, ez nezan egoera horretan utzi».

Alabaren azken argazkiak erakusteko asmorik ez duela jakinarazi du, beretzat gorde nahi ditu irudiok, baina ohartarazi du Eluanak aspaldian utzi ziola argazkietan ikusi dugun emakume lirain eta irribarretsua izateari. «Il Corriere» egunkarian atzo jaso zutenez, gazteak 40 kilo baino ez zituen pisatzen, beso eta hankak kizkurtuak zituen eta albora batera jarrita baino ezin zuen egon.

Hala eta guztiz ere, Italiar Gobernuak, Berlusconi buru, bereak eta bi egin ditu, gurasoen eta auzitegien aginduei entzungor eginez, Eluanari etendako elikadura berriz ere abiarazteko, baita horrek Errepublikako presidentearekin liskarrak eragin badizkio ere. Eluana azken hatsa hartzen ari zen bitartean ere bilduak zeuden, abiadura biziz legea onartzeko. Silvio Berlusconi lehen ministroak gogor jo zuen Errepublikako presidente Giorgio Napolitanoren aurka, honek elikatzeari uztea debekatzeko dekretua sinatzeari uko egin ziolako, eta heriotzaren berri izan bezain laster esan zuen Eluana «hil egin» dutela -inoiz ez bisitarik, ez arretarik eskaini ez dioten arren-.

Gai honen harira GARAri eginiko adierazpenetan, Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkarteko Arabako kide den Joaquin Fernandezek, astelehen arratsaldean bertan, legea berandu iristea desio zuen, «emakumea duintasunez hil eta aitak lasaitasunez bizi eta arnas har dezan». Vatikanoak hartutako jarrerak ez duela batere harritu azaldu zuen, baina hala eta guztiz ere eliz instituzioaren hipokrisia nabarmendu zuen. «Eurek ere gogoan izan behar dute Juan Pablo II.a aita santuari zaintza medikoa eragoztea bahimendu ziotela, etxean lasai hil zedin; eta horixe da, hain zuzen, eskatu duena».

Bat egin zuen Eluanaren aitarekin, «hiltzera zigortzea baino, mugarik gabe bizitzera kondenatzea okerragoa» dela esatean, «zigorra egunero-egunero ordainarazten delako». «Pertsona bat egoera horretan dagoenean edota uste duenean bere bizitza ez dela duina -bizitzaren duintasuna norberak neurtu beharrekoa da- eta Estatu batek bizitzera derrigortzea, zigorrik gogorrena da». Luze eta zabal eztabaidatu da beste behin heriotza duinerako eskubideaz. Gainera, italiarrak azken hatsa eman aurretik Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko arduradun Maite Olaizolak esan zuenez, gizartea eredu paternalista batetik gaixoaren autonomia eta errespetua goratzen dituen beste baterako aldaketa egiten ari denean gertatu da eztabaida.

Euren zerbitzuan ez dute gisa honetako trantzeekin topo egiten, «zaintza aringarrien helburua heriotzara bideratzen ari den bizitza prozesua tratatzea baita». Kasu honetan, ordea, argitu du «inolako zentzurik gabe» bizitza luzatzen ari zitzaizkion tresna batzuk kentzea eztabaidatu dela. Batetik eta bestetik, kritika zorrotzak iritsi dira, Eluana «gosez hiltzen» uztea zela hori, eta izango zuen sufrikarioari erreferentzia eginaz. Olaizolak, ordea, gezurtatu egin ditu iritziok, «elikadura eta hidratazioa kentzeak ez du esan nahi gaixoak sufrituko duenik, hori eragozteko makina bat bitarteko ditugulako».

Eluanaren kalbarioak barrenak astindu dizkie askori, baina italiarraren kasuaren aurretik beste asko ere izan dira. Azken burrunba Craig Evert 59 urteko estatubatuarraren heriotzak sortu zuen, urte amaieran. Bere gorputza geldiarazten ari zen gaixotasunaren aurrean bere buruaz beste egitea erabaki zuen barbituriko nahasketa bat hartuta. Baina horretarako ere laguntza behar, eta Suitzara joan zen. Haren kasuak gainera, itzelezko oihartzuna izan zuen, heriotza telebista kate batek grabatu eta emititu zuelako. Gelan lasai, bere erabakiaz seguru eta bere emazteaz lagunduta itzali zen Evert, bere jarreraren azalpena modu labur baina argian eman ostean. Eta horren aurretik ere izan dira Eluanaren pareko eztabaida sutsuak eragin dituzten heriotzak, Terri Schiavorenak kasu. Emakumeak Eluanak bezala, ezin zuen bere kabuz elikatu, bihotzekoak jo eta egoera begetatiboan geratu ostean. Hamar urte luzez egon zen egoera berean; bitartean, gainera, haren tutelaren gaineko ika-mika sortu zen, emakumearen etorkizuna senarrak ala gurasoek hartu behar ote zuten.

Tirabiratsua gertatu zen, halaber, iazko martxoaren 19an hil zen Chantal Sebire frantsesaren borroka. Sendabiderik ez zuen minbizi batek aurpegia erabat desitxuratu eta itzelezko oinazeak eragiten zizkion. Estatu frantseseko presidenteari, Nicolas Sarkozyri, egin zion deia eutanasiarako baimena eman ziezaion. Baina hark aukera hura debekatu zion. Bi egun geroago hilik agertu zen bere etxean eta ezagutzera eman zenez, barbituriko nahasketa batek eragin zion heriotza. Zerrenda luzea da: Ramon San Pedro, Inmaculada Echeverria, Geraint William... Bizia nahi ez eta bizitzera kondenatuak denak.

ehorzketa pribatua

Eluana Englaro Paluzza herrian lurperatuko dute, bere aitonaren gorpuzkinekin. Elizkizunik ez egitea erabaki du familiak. Horren ordez, bedeinkapen soila egingo dute. Senideak eta gertuko lagunak besterik ez dira bertan izango.

diziplina prozedura

Udineko Mediku Elkargoak diziplina prozedura abiarazi du Englaroren zaintzaz arduratu den mediku taldearen aurka. Biharko Amato De Monte anestesistari dei egin dio. Berarekin mintzatu ostean, erabakiko dute auzibidera jo ala ez.

eliza, berera

Italiako Apezpiku Batzarra bat etorri zen Vatikanoak egindako kritika eta salaketekin, Englaroren heriotza eragin dutela esanez. «Ura eta elikadura kendu dionak hil du. Egin duenak ardura handia du Jainkoaren eta gizartearen aurrean».

6.232

egun

eman ditu Eluana Englarok koma egoeran. «Il Correre» egunkariak jakinarazi duenez, 40 kiloko pisua zuen eta eskuak eta hankak guztiz kizkurtuak zituen.

Eutanasia Legediak gizartearen eskakizunetara egokitzen

Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Arabako kide den Joaquin Fernandezek argi esaten du, Eluanaren senideek ez dute eutanasia eskatu, arnasa hartuz mantentzen zuen zunda bidezko elikadura kentzeko baino. Hala ere, kasuak berriz ere mahai gainean jarri du eutanasiaren auzia. Europan lau tokitan bakarrik dago despenalizatuta; Herbehereetan, Belgikan, Suitzan eta Luxenburgon. Herbehereak izan zen legeztatu zuen lehendabiziko herrialdea. 2000ko azaroan onartu zuen Parlamentuak eutanasia eta medikuak lagundutako suizidioa baimentzen dituen legea. 17 urtez azpikoetan eutanasia aplikatzea debekatzen du, hala ere.

Bi urte geroago, 2002ko irailean, despenalizatu zuten eutanasia Belgikan. Hartara, herrialde horretan hilzorian dauden gaixoek eutanasia egiteko eska dezakete baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Luxenburgon pasa den urteko otsailean onartu zuten eutanasia baimentzen duen legea. Belgikakoaren oso antzekoa da lege hori, eta bizitza testamentua ere arautzen du.

Suitzaren kasua desberdina da. Eutanasia aktiboa ez da legezkoa, baina lagundutako suizidioaren aukera uzten du, betiere, borondate onez ematen bada laguntza hori. Irabazi asmorik gabeko bi erakundek egiten dituzte lagundutako suizidio horiek, Dignitas eta Exit erakundeek. Eutanasia nahi duenak eskaera egin eta dokumentazio jakin bat bidali behar du erakunde horietara. Ondoren, abokatu batek eta sendagile batek dokumentazioa aztertzen dute eta gaixoarekin aurrez aurreko elkarrizketa bat izaten dute. Hori bai, hiltzera Zurichera joan beharra dauka, propio horretarako prestatutako gune batera. Bertan, edalontzi batean sendagai koktel bat eskaintzen diote baina gaixoak berak hartu beharra dauka edalontzi hori, inoren laguntzarik gabe. Atzerriko eskaerak ere onartzen dira Suitzan.

Europatik kanpo, AEBetako Oregonen onartuta dago eutanasiaren legea. Oregonen gaixoak sendagileari hiltzeko substantzia eska diezaioke eta, ondoren, berak erabaki dezake noiz eta non hil nahi duen.

Australiako kasua berezia da. Bederatzi hilabetean eutanasia legezkoa izan zen iparraldean, 1996. urtean. Ibilbide motza izan zuen lege horren arabera, erabakia gutxienez bi medikuk baieztatu behar zuten, eta gaixoak askatasun osoz hartua behar zuen izan. Gainera, psikiatra batek gaixoaren egoera aztertu behar zuen, depresiorik ez zuela ziurtatzeko. Zazpi pertsonek eskatu zuten eutanasia, guztiak ere minbizia zutenak. Horietatik bi lehenago hil ziren, batek atzera egin zuen eta, azkenean, lau eutanasia egin ziren. Aitzindaria izan zen Australia, eutanasia legeztatzen munduan lehena. Metodoa ere berezia eta bakarra zen: ordenagailu eramangarri batean botoi bat sakatu behar zuen gaixoak dosi hilgarria jasotzeko. Azkenean, eta ika-mika handiak zirela medio, bederatzi hilabeteren buruan atzera egin behar izan zuten.

Eutanasia aurrera egiten ari da. Txinan, Japonian, Alemanian eta Indian legeztatzeko bidea martxan da dagoeneko. Eta epe laburrean eutanasia despenalizatzea aurreikusten ez duten herrialdeetan ere, heriotza duinaren gaineko eztabaida bizi-bizia da. A. M.

senatuaren baiezkoa

Bere kabuz egiteko ezinduta dauden pertsonak elikatzeko eta hidratatzeko betebeharra ezartzen duen legea onartu zuen atzo Senatuak. 164 senatarik bozkatu zuten Berlusconiren proposamenaren alde, eta 100ek kontra; abstentzio bakarra egon zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo