Busturialdearen garapen iraunkorra aldarrikatuko dute larunbatean Gernikan
GARA |
Busturialdean Lan eta Bizi plataformak, «Busturialdea Biziberritzearen Aldeko Aldarrikapena» oinarri hartuta, abenduan abian jarritako ekimenaren balorazioa plazaratu zuen atzo, eta larunbatean, 12.30ean, Gernikan manifestazioa egingo dutela iragarri zuen.
«Busturialdea Biziberritzearen Aldeko Aldarrikapena»-rekin batera, galdera hau egin zieten herritarrei: «Busturialdea biziberritzeko 100 milioi euro ditugu. Foru Aldundiak diru hori guztia turismoan baino ez du inbertitu nahi, Guggenheim Sukarrietara ekarriz. Zein jardueratan inbertituko zenuke zuk diru hori guztia Busturialdea biziberritzeko?».
Adierazpen horren 13.000 ale banatu dituzte orain arte, enpresa, kale eta etxeetan eta 300 kartel jarri dituzte. Busturialdeko alkate guztiei, Bizkaiko ahaldun nagusiari, Lakuako Lurralde Antolaketa eta Ingurumen sailburuari, Urdaibaiko Erreserbako lehendakariari, Lakuako Industria sailburuari eta Busturialdeko industriagunera ere bidali diote aldarrikapena.
Plataformak adierazi zuenez, ekimenaren helburu nagusia «Busturialdearen egoera gainbehera doala eta beste behin ere egoera lehenbailehen konpondu behar dela aldarrikatzea» izan da, eta galdetegia ariketa moduan zabaldu zuten, «jendartearen oinarrizko iritzia» ezagutzeko.
Ia 600 erantzun bildu dituzte eta, «ekimenaren baldintzak» kontuan hartuta, oso pozik azaldu ziren. Gainera herritarren hainbat gogo jaso dituzte. Hainbat zerbitzu eta jardueraren beharra nabarmendu dute herritarrek, hala nola ospitale bat zein etxebizitza sozialak eraikitzea, zerbitzu sozialak ugaritzea -adinekoentzat batez ere-, euskara bultzatzea eta demokrazia parte hartzailea praktikan jartzea, erreferendumen bidez, esaterako.
Plataformaren iritziz, hainbat uste indartzen ari dira: eskualdeak egoera kaskarra bizi duela edo egoeraren errua administrazioek dutela, ez dutelako eurek onartutako Lege eta Plana bete.
Plataformak azpimarratu zuen Busturialdeko Garapen Iraunkorrerako jada onartuta dagoen plana bete egin behar dela. Herritarrek eskualdearen gainbeherarekiko duten ardura eta konpondu nahiaren aurrean, herriak aukeratutako «mandatariek arduragabekeria handia» erakusten dutela salatu zuten.