GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Bernabe Garcia ahazten hasi dira Zubietan

Elustondok oraingoan ez du itzultzeko eperik jarri nahi

Hala ere, bere orkatilaren egoera orain bi aste itzultzekotan zenean baino askoz hobea dela uste du.

p042_f01_666x666.jpg

GARA | DONOSTIA

Zelaietatik kanpo ia bost hilabete eman eta gero, normala izan daiteke jokatzeko irrikaz egotea, baina Gorka Elustondok ondo daki azkarregi joan nahi izatea kaltegarri gerta dakiokeela. Orain bi aste, dena ondo zihoala-eta, bere burua Elxen aurka jokatzeko moduan ikusten zuen beasaindarrak, baina beheraldi batek bere berragertzea atzeratu zuen eta gimnasiora itzuli behar izan zuen, futbolerako botak albo batean utzita. Esperientziek ikasteko balio izaten dute, eta ordukoaren antzeko egoeran aurkitzen denez Realeko erdilaria -itxuraz hanka askozaz sendoago duen arren-, ez du itzulerako eperik jarri nahi izan.

Azken bi egunetan taldekideekin egindako entrenamenduek oraingoan baietz, tunelaren amaiera gertu dagoela ikusarazten diote Gorka Elustondori, baina Alavesen aurkako Anoetako derbian izandako lesioa erabat ahaztu arte zuhurra izan nahi du, aurretik nahikoa kolpe gogorrak jasotakoa baita. «Ez dut eperik jarri nahi, garrantzitsuena orkatila ondo jartzea da eta hori gertatzen denean hitz egingo dut `mister'arekin eta erabakiko dugu noiz nagoen deialdian sartzeko moduan, Murtziaren aurka ezinezkoa izango da, eta ea datorren astean nola bukatzen ditudan egiten ditugun entrenamenduak».

Jokalariak aitortu zuen, jokatzeko puntuan egon ostean, makalaldia izatea gogorra egin ziola, baina halakorik gerta zitekeela ondo zekienez, aurretik izandakoak bezain gogorra ez dela izan bere buruak hori onartzea.

Zuhurtziaz hitz egin nahi izan zuen arren, Beasaingoak ez zuen ezkutatu, gaur egungo sentsazioak orain bi astekoak baino dexente itxaropentsuagoak direla. «Aurrekoan baino seguruago, erosoago sentitzen naiz, min gutxiagorekin eta entrenatuz noan eran hoberantz egingo dudalakoan nago. Espero dut jarraipena eman ahal izango diodala eta nire hurrengo erronka taldekideen erritmoa hartzea izango da, lau hilabete eta erdiren ondoren normala baita makalago egotea».

Epe zehatzik jarri nahi izan ez bazuen ere, bi asteetan arazorik gabe entrenatzeko gai bada -badaki traba txikiekin aritzera ohitu beharko duela-, erritmo hori berreskuratzeko moduan egon daitekeela uste du.

Xabi Prieto

Condominara egin beharreko bisitaren aurretik, donostiarrak ez die inolako gorrotorik hainbat hilabetez geldirik egonarazi dion lesioa eragin zioten Murtziako jokalariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo