Mallorcako Challengea
Colomek erakustaldia eman eta garaipena lortu du etxean
Euskaltel taldeko Mikel Nieve izan da laugarren etapako lehen euskalduna.
GARA | MALLORCA
Pozarren dagoen norbait badago, hori Toni Colom Mallorcako txirrindularia da. Bunyolan hasi eta bertan amaitutako 143,3 kilometroko laugarren etapa irabazi zuen txirrindulariak etxean eta sailkapen nagusiko lider berria da.
Euskaldunen artean, Euskalteleko Mikel Nieve leitzarra izan zen lehena, eta zazpigarren postuan sartu da. Gertu ibili zen Juanma Garate Rabobank taldeko irundarra ere, eta hamabosgarren tokia lortu du.
Etapari dagokionez, Colomek erakustaldi ederra eman zuen Coll de Solerren, jardunaldiko azken igoeran. Quik Step taldeko Sylvain Chavanel eta Jerome Pineau, eta Columbia taldeko Boasson eta Monfort txirrindulariek gogor jarraitu zioten atzetik, baina Mallorcakoak 56 segundoko aldea atera zien azkenean helmugan.
Gaur Challengeko bosgarren eta azkeneko etapa korrituko da Magalufetik Palmanovara, 147,6 kilometroko ibilbidea.
Alejandro Valverde
Beste alde batetik, Italiako zenbait komunikabidek aipatu dutenez, Alejandro Valverdek Italiako Olinpiar Batzordearen (gaztelaniaz CONI) antidopin Fiskaltzan aurkeztu beharra du datorren astelehenean, ustez «Operacion Puerto» aferan nahastuta dagoela-eta.
Mallorcako Challengean parte hartzen ari den txirrindulariak prentsa ohar baten bidez bere ezustea eta haserrea azaldu nahi izan du eta azpimarratu duenez, «ez nik ez nire taldeak ez dugu CONIren edo beste edozein erakunderen aurrean agertzeko abisurik jaso».
Langkawiko Tourra
Malaysiako lasterketa honetan oso fin dabilen Serramenti taldeko Mattia Gavazzik hirugarren garaipena jarraian lortu zuen atzo esprintean. Melakan hasi eta bertan amaitutako 186 kilometroko etapan, lidergoa sendotzea lortu zuen italiarrak, Chris Sutton australiarra eta Aurelien Clerc suitzarra atzean utzita.
Luis Leon Sanchez espainiarra Mediterraneo Tourreko lehen liderra da lehen jardunaldiko bi etapak amaitu ostean. Goizekoan, Beziers eta Narbona artekoan, Française des Jeux taldeko Yamhini Hutarovich bielorrusiarrak esprinean lortu zuen garaipena Robert Hunter hegoafrikarraren eta Jimmy Casper frantsesaren aurretik helmugan sartuz. Ondorioz, lidertzan jarri zen momentu horretan. Baina arratsaldean Narbona eta Gruissan artean eginiko 25 kilometroko taldeko erlojupekoan, Luis Leon Sanchez izan zen azkarrena Caisse d´Epargnerekin. Taldea Garmin eta Barloworld baino azkarragoa izan zen.