GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Gotzon Barandiaran Arteaga Idazlea

Nork epaituko ditu?

Nork epaituko ditu, ETAko kideak ez direla jakin arren, euskal herritarrak urte luzetarako kartzelatzen dituzten epaileak? Nork epaituko ditu komisarietan euskal herritarrak torturatzen dituzten poliziak? Nork epaituko ditu tortura erabiltzeko aginduak eman dizkieten politikariak?

Berrogeita hamar urte bete ditu ETA erakunde armatuak. Kaleratu duten azken komunikatuaren arabera, Euskal Herriaren biziraupenaren aldeko erresistentzia, autodeterminazioaren aldeko eskubidea gauzatzen laguntzea eta independentziarako ateak zabaltzea helburu dituen erakundea da. Horretarako borroka armatua erabiltzea ezinbestekoa, komenigarria, zalantzazkoa, kritikagarria edota arbuiagarria da, nork zelan hausnartzen duen. Ostera, nire ustean, ukaezina da 50 urteotan ETAko kide izateagatik milaka emakume eta gizon atxilotu, torturatu eta kartzelatu dituztela Espainiako, Frantziako eta Sabin Etxeko indar armatuek. ETAren jardunaren aurkakoak diren milaka lagunek ere ezingo dute ukatu ETAko kideak gogor zigortzen ez dituztenik, ezingo dute ukatu ETAko kideak zigortzeko legeak, ez betetzeaz gain, beren beregi aldatzen ez direnik, ezingo dute ukatu ETAko kideak zigortzeko euren senitarteko, lagun eta gogaideak ere zigortzen dituztela, ezingo dute ukatu ETAko kideei pertsona izateko eskubide guztiak kentzen ez dietenik, ezingo dute ukatu gorrotoa eta mendeku gosea direla justizia mozorroa duen kartzela politikaren zutabeak.

1998an «Egin» egunkaria itxi zutenetik gaur egunera arte, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta independentzia helburutzat dituena ETAko kidea da. Azalpena gorrenak ere ulertzeko modukoa: ETAk ere helburu horiek ditu. ETAren jarduna publikoki behin baino gehiagotan gaitzetsi arren (18/98, «Egunkaria», Udalbiltza... auziko zenbait kartzelatu), Euskal Herriak ez Espainia ez Frantzia izateko duen eskubidearen alde antolatzen dena ETAko kidea da eta ondorioz urte luzetako kartzela zigorra jasoko du. Espainia bakarra, handia eta askea desegituratzeko lan politikoa egiten duen oro ETAko kidea denez, atxilotu, torturatu eta kartzelatua izango da. Beraz, ez dago Euskal Herriaren independentziaren aldeko lan politikoa egiterik ETAkoa izan gabe; beraz, ez dago Euskal Herriaren independentziaren aldekoa izaterik ETAkoa izan gabe; beraz, kartzelara joan gura ez badugu, espainolak edo frantsesak izatea besterik ez dugu.

Horixe da, nire ustean eta labur-labur, alderdi nazionalista espainolek eta euren esaneko epaile nazionalista ultraeskuindarrek euskaldunontzako prest duten justizia. Baina nork epaituko ditu, ETAko kideak ez direla jakin arren, euskal herritarrak urte luzetarako kartzelatzen dituzten epaileak? Nork epaituko ditu epai horiek hartzeko aginduak ematen dizkieten politikariak? Nork epaituko ditu komisariatan euskal herritarrak torturatzen dituzten poliziak? Nork epaituko ditu tortura erabiltzeko aginduak eman dizkieten politikariak? Nork epaituko ditu AVT, Dignidad y Justicia eta Foro de Ermuakoak, bizi dugun gatazka luzatzeko eta euskaldunak zigortzeko polizien laguntzarekin etengabe jartzen dituzten salaketengatik? Nork epaituko ditu estrategia hori txalotzen duten politikariak? Nork epaituko ditu Alderdien Legearen aurka daudela esan arren, milaka euskaldunen borondatea urratzeaz batera deslegitimazio kanpainak diseinatzen dituztenak? Nork epaituko ditu AHTri buruz duten iritzia modu baketsuan azaltzen duten euskal herritarrak jipoitu, atxilotu eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzen dituzten poliziak? Nork epaituko ditu agindua eman dieten balzatarrak? Nork epaituko ditu krisi ekonomikoa eragin dutenak? Nork epaituko ditu krisi ekonomikoa eragin eta gainera botoa eurei eman behar diegula diotenak? (Krisia finantza arloko eragileen errua ei delarik, finantza arloko buruak lehendakari izateko diren hautagai batzuen kanpainetan agertzen dira, ezelako lotsa barik). Nork epaituko ditu 30 urtean udaletxe larregitan eskuineko politika kontserbadoreak, herritarren interesen alde baino, alderdiaren, espekulatzaileen eta sokako enpresen alde egin dutenak? ETAk bere egitura militarraren desarmea eskaini zuen Loiolan. Orain proposamen horri ezetza eman zionetako batek lehendakaria izateko asmoa du, aldaketa behar ei dugulako. Nork epaituko ditu urte luzeegiotako gatazkari amaiera ekar ziezaiokeen Loiolako aukera hari ezetza eman ziotenak? Zertarako ostia bozkatu behar dugu? Noiz arte itxarongo dugu Espainiako justiziari intsumisioa egiteko? Zergatik babesten ditugu urteotan guztiotan Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzea lortu ez dutenak? Zergatik babesten ditugu gezurra baino esaten ez diguten botere asegaitzak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo