Enplegua sustatzea langileen prekarietatea sustatzea denean, enpresaburua irabazle bakarra
Azken 25 urteotan Estatu espainolean izan diren sei lan erreformen ondorioen balantzea argia da: lan merkatuaren malgutzea eta langileen enpleguen prekarietate gero eta handiagoa. Erreforma horiek enpresarien eskaeren araberakoak izan dira, eta langileentzat, beren lorpenen atzerapauso nabarmena ekarri dute. Izan ere, kontratuak deuseztatzea orain dela 25 urte baino errazago eta merkeagoa da. Enpresek kontratu berriak eginda soldata txikiagoak ordaintzen dituzte, eta langileak kaleratzeagatik ere, kalte-ordain txikiagoak. Kontratatze mugagabea sustatzeko kontratuaren ondorioz, kalte-ordaina 12 egun gutxiagokoa da eta, gainera, enpresaburuek jasotzen dituzten pizgarriak direla-eta, kaleratzeen kostua egiaz hutsala da. Hala eta guztiz ere, patronalak ez du aski eta langileen kaleratze libre eta doakoa nahi du. Hala adierazi zuten CEOEk eta enpresaburuen zenbait konfederazio autonomikok, eta haien eskaerak Espainiako Bankuko presidentearen sostengua du, berak atzo iragarri zuenez.
Lan erreformek, krisiaren kontrako neurriek bezala, enplegua sustatu eta lan baldintzak hobetzeko helburua iragarrita ere, enpresaburuen irabazia eta langileen prekarietatea dute emaitza.