Koxka, Kobol eta TRW-ko langileek babesa eskatu diote Nafarroako Parlamentuari
Landabengo Koxka, Azkoiengo Kobol eta Orkoiengo TRW enpresetako langileen ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan ziren atzo, lantegi horien jabe diren multinazionalek aurkeztu dituzten enplegua erregulatzeko espedienteen berri eman eta babesa eskatzeko.
GARA |
Landabengo Koxka, Azkoiengo Kobol eta Orkoiengo TRW enpresetako langileek lantegien jabe diren multinazionalek aurkeztu dituzten enplegua erregulatzeko espedienteen aurrean babesa eskatu zioten atzo Nafarroako Parlamentuari.
IUN-NEB taldeak eskatuta, enpresa horien egoera eta bertako langileen eskaerak plazaratu zituzten atzo goizean Nafarroako Parlamentuko Lan Batzordean. Agerraldian Ingersoll Rand multinazionalaren jabetza diren Koxka eta Kobol enpresatako langileen ordezkariak eta Orkoiengo TRW Automovile España S.L. enpresako langileen ordezkariak izan ziren.
Lehenengoek, multinazionalak aurkeztu duen espedientearen inguruko iritzia azaldu zuten. Espedienteak Landabengo Koxka fabrikako 191 langileri eta Azkoiengo Kobol fabrikako 39 langileri eragiten dio. TRWkoek berriz, multinazionalak aurkeztu duen espedientearen ondorioz bizi duten egoeraren berri eman zuten. Taldeak Orkoienen duen Frenoen Ingeniaritza Zentroko 30 langileren kontratuak deuseztatzeko espedientea aurkeztu du.
Koxka-ko enpresa-batzordeko lehendakari Manuel Benitezek Eferi azaldu zionez, agerraldian kontratuak deuseztatzeko espedientearen aurkako jarreraren berri eman zuten eta aldi baterakoa den espedientea aurkez diezaieten exijitu zuten.
Jarrera irmoagoa
Benitezek azaldu zuenez, agerraldiaren ostean eta hainbat agiri aurkeztuta, Parlamentuko taldeen ordezkariak aurreko agerraldiaren ostean baino jarrera «irmoagoa» erakutsi zuten eta espedientea aldi-baterakoa izan daitekeen «uste handiagoa» azaldu zuten. Gainera, «Lan sailburu Jose Maria Roig-ek aurkeztu behar duen txostena espedientearen aurkakoa» izatearen alde azaldu ziren Benitezen arabera.
IUN-NEBko Ana Figuerasek bere taldeak gai hau Kongresura eramango duela adierazi zuen eta Nafarroako Gobernuak ez duela «langileekin hitzartuta ez dagoen espedienterik» onartu behar.
TRWren kasuan, Figuerasek azaldu zuenez, «modu desegoki eta lotsagarrian» aurkeztu du multinazionalak txostena «diru galerarik ere ez» baitago. Txostenaren helburua, «soilik, ikerketa lanak Alemaniara lekualdatzea da eta, beraz, talde guztiak espediente hau aurkeztearen aurka azaldu gara», esan zuen.
«NEBk Nafarroako Gobernuari 30 langile horientzat proiektu bat eskatu dio, modu horretan, ikerketa lanak Nafarroan manten daitezen», zehaztu zuen Figuerasek.
Koxka eta Kobolen aurkeztu dituzten espedienteek, 191 eta 39 langileri, hurrenez hurren, eragiten die. Eta TRWn aurkeztu dutenak 30 langileren kontratuak deuseztatzea du helburu.