GARA > Idatzia > > Kultura

Baionako ostatuak musika hotsez beteko dira asteburuan

Gaur hasi eta larunbata bitarte, «kaleko doinu» indartsuek Baionako ostatuak hartu eta musikaz blaituko dute Lapurdiko hiriburua. Hiru egunez hamar talde beste horrenbeste ostatutan, Baiona Bar jaialdiak proposatzen duen egitarau kulturala.

p048_f01_148x88.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Kontzertuen antolakuntzari ekin, eta asteburu musikala proposatu du La Souche Rock kolektiboak. Gaur hasi eta larunbata bitartean, Baionan, eguneko hiru talderen parte-hartzearekin, beste horrenbeste ostatutan doako kontzertuak eskainiko dituzte.

Egitarauari gaur iluntzeko seietan emango diote hasiera BAB kafetegian, Ameriketako Estatu Batuetatik bertaratuko den Hello Sunshine taldearekin. In the Red da Menphisekoen zigilua, eta garage soinua beraz, beraien jarduna. Gero, Kixkil ostatuak hartuko du lekukoa. Victory Hall Bordeleko taldea izango da hamarretatik aurrera, eta toki berean, gauerditik aurrera, Pace disko-jartzaileak itxiko du osteguneko egitaraua.

Ostirala Cognac aldetik hurbilduko den Gancherien bikoteak irekiko du. Eskarmentu handiko bateria-jotzaile eta baxu-jotzaile batek osatzen duen taldeak Sankaran joko du seietatik aurrera. Isilunerik agertu aitzin, bilbotar-argentinar Capsula hirukotea gaueko hamarretan hasiko da bere rock indartsua jo eta «Rising Mountains» plazaratu berria aurkezten Le P´tit pubean.

Ostiralak larunbatarekin topo egingo du gero, Patxoki ostatuan. Bidehuts zigilu gipuzkoarrarekin argitaratu lan berria aurkeztuko du bertan Willis Drumond laukote gipuzkoar-lapurtarrak, gauerdian.

Ekitaldia larunbateko jardunaren ostean bukatuko da. Hasteko, eta seietan, L´embuscade aretoa hartuko du Good Old Girls Akitaniako nesken hirukoteak. Ondoren, Katie Daly´s ostatuan eta hamarretatik aurrera, Les Yves, Tarn eta Garonako garage taldea.

Jaialdiaren hotsak Xiri Boga ostatuan mututuko dira igande goizaldean, Pere Dodudaboum, «sukalde modernoaren aitzindari» omen den talde adarjotzaile eta zoroaren jardunak bereak ematen dituenean.

LA SOUCHE ROCK

Kontzertuen antolaketan murgildua, La Souche Rockek asteburu kulturala proposatu du, eta hiru egunotarako bederatzi musika talde beste horrenbeste ostatutako oholtza gainera ekarriko ditu.

MUSIKA TALDEAK

Capsula, Hello Sunshine, Victory Hall, Pace DJ, Gancherien, Capsula, Willis Drumond, Good Old Girls, Les Yves eta Pere Dobudaboumek girotuko dute Baiona, gaur iluntzean hasi eta larunbata goizaldera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo