GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Publizitatea kartara eta nahitaez

 

 

 

Publizitatea, kartara. Aspalditik esaten hasiak ziren etorkizuneko publizitatea pertsonalizatua izango dela, eraso zuzena. “Minority Report” filmean ikusi genuen nola merkataritza-gune batetik paseoan zebiltzanek beren neurriko publizitatea jasotzen zuten kartel mugikorretan. Kamera batek erretinaren bidez ezagutzen zuen paseoan zebilena eta zuzenean eskaintzen zion berak erosteko moduko zerbait. Ikaragarria, ezta?
 
Bada, berriz ere, errealitatea fikziora dezente hurbildu da. Punta-puntako teknologian diharduen enpresa batek publizitate-pantaila adimendun bat diseinatu du. Hartara, kalean jarritako kamera bereziak parean datorrenaren tasun batzuk ezagutzeko gaitasuna dauka: gizona edo emakumea den eta gutxi gorabehera zein adin daukan asma dezake. Ondorioa: gizonezkoei bizarra egiteko aparra eskainiko die eta emakumezkoei, errimela. Urrutirago ere joan daiteke asmakuntza eta kameraren ondotik igaro orduko jaso dezake erosle potentzialak publizitate mezu bat sakelako telefonoan: «Eros ezazu zahiaren kontrako xanpu bat». Imajinatzen?
 
Teknologia abiada bizian doa beti, biziegian. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer nolako disgustuak eragin ditzaketen kamera adimendun horiek. Pentsa, emakume dotore horri bizarra egiteko aparra eskaintzen badio eta gizonezko bulartsu horri, errimela. Eta, noski, kamera adimenduna gero eta inteligenteagoa izango da, horretarako gastatzen da dirutza ikerketa horietan. Eta paretik pasatzen zaionari errespetua galduko dio, eta bere sekreturik sekretuenak airatuko ditu denen aurrean. Imajinatu, kalean lasai ederrean zoazela, zure miseriak kasik ahaztuta, eta kamerak, to: «Ez sufritu odoluzkiak isilpean...».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo