Itxaro Borda eta Pier Paul Berzaitz Oihenartez dira mintzo Bilbon
GARA | BILBO
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatu ohi duen Forumak, literatura eta musika uztartzen ditu azkenaldian, saio barnerakoi eta hurbilak landu nahian, eta aurreko astean Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberen saioaz gozatu ostean, ekitaldi berria prestatu dute.
Itxaro Borda lapurtar idazlea eta Pier Paul Berzaitz zuberotar musikaria dira gonbidatuak gaur arratsaldeko zazpietan eta ohi bezala Euskaltzaindiaren areto nagusian, Bilboko Plaza Barrian, burutuko den hitzordurako.
Zuberoako tradizioa eta zapore modernoa, betidanikoa eta betirakoa hurbilduko digute gonbidatuek, oreka samur eta delikatua helburu eta sentiberatasuna akuilu; aspaldiko emozioak, olerkiak, kantak eta ametsak, garaikide bilakatuz. Horretarako, Arnaut Oihenart ahotan hartu eta olerkiak erabili eta kantatuko dituzte.