GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Itziar Aizpurua Egaña ezker abertzaleko militantea

Demokrazia orain

Burujabetzaren eta independentziaren aldeko boto uholdea izango dute. Horretarako, lan eskerga egin beharko dugu, eskuz esku, ahoz aho, etsai eta arerio guztien trikimailuei aurre eginaz. Ez dugu abstentzioaren alde egingo, nahiz horretara bultzatu nahi gaituzten maltzurkeriaz, propagandaz eta guzti

Independentiston aurka edozerk, denak balio du nahiz demokrazia ipurdi-bistan geratu. Egia esan, beste aurpegirik erakusteko gai ez den demokrazia dugunez, ezin du, bada, besterik egin: pertsonaren zein herrien eskubide zibil eta politikoak urratu.

Hau ikusi nahi ez dutenen artean, bi eratako itsuak daude, nire ustez: nostalgikoak eta komenentziazkoak.

Lehenak, nostalgikoak, Francok utzitako herentzia gutxi samar iruditu, eta justizia beren esku harturik askatasunaren ikur izan nahi dute; esku batean, Konstituzio espainolaren legedi zorrotz bezain atzerakoia, eta bestean, Konstituzio hau onartzen ez duenari makilkadak eta kartzela ezarriko dioten araudi berriak.

Bigarrenak, komenentziazko itsuak, lehengo erregimenarekin hausturarik gabeko trantsizioa onartzen dutenak, alegia, ostrukarena egiten ahalegintzen dira: itsu eta gor, burua lurpean gordetzen baitute, txingor zaparrada, eurite, haizete, elurte, hau da, edonolako ekaitz politikoarekin zerikusirik ez dutelakoan.

Baina hauek ere, beste aurpegi borobila, atzean dagoena, alegia, bistan.

Dagoeneko, Euskal Herrian denok ezagutzen dugu elkar azken 30 urte hauetako ibilbide politikoan. Horregatik, ezker abertzalearen aurka denak balio duen honetan, nire iritzi xumea gazteei zuzendu nahi diet bereziki.

Franco hil eta hiru urtera, Konstituzio espainola inposatu ziguten, hiru probintzietako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bidez. Horretarako, Espainiako botereek PNV izan zuten bidelagun. Hortik ateratako marko politiko-juridikoak helburu bat izan du 30 urteotan: Euskal Herria, herri bezala birrintzea.

Ezker abertzalearen, eta herri sektoreon 30 urteotako borrokak, Euskal Herria bizirik mantendu du, eta Espainiak asimilatzeko zuen tresna, bitartekoa, agorraraztea lortu du.

Gaur egun, Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren agortzea ukaezineko errealitatea da euskal herritarren gehiengoaren begietara. Are gehiago, dagoeneko inork ez du sinesten marko horren eskutik Euskal Herriak etorkizunik izan dezakeenik.

Lizarra-Garazirekin batera, aldaketa politikorako nahia eta beharra inoiz baino argiago azaleratu zen bere osotasunean: Euskal Herriak duela hitza eta erabakia; hau da, Euskal Herriak duela eskubidea libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko, eta bi Estatuek hori errespetatu behar dutela.

Hain zuzen, hor dago gatazka politiko eta armatua konpontzeko gakoa.

Lizarra-Garazin garbi geratu zen Estatuak ez duela arazoa ezker abertzalearekin, bere buruaren jabe izan nahi duen Herri batekin baizik.

Goian aipaturiko nostalgikoek, azken hogeita hamar urteotan bezala, errepresioari bide emanaz «konpondu» nahi dute Estatu espainolaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka. Horrenbeste neke eta samin ekartzen digun bidetik; irteerarik gabeko bidetik; atzeranzko bidetik; espainol bihurtu nahi gaituen bidetik. Lan honetan murgildurik, PSOE eta bere sukurtsala den PSE ditugu.

Komenentziazko itsuek, PNV eta enparauek, berriz, Gernikako Estatutua agortua dagoela lau haizetara zabaldu ondoren, zatiketa, ukazioa eta menpekotasunaren markoa iraunarazten dabiltza. Interes ezagunen truke PSOErengana makurtuta, PSEren bila independentismoarekin amaitu, eta Lizarra-Garazin aldaketarako sortutako baldintzak neutralizatzeko asmotan.

PSOEk eta PNVk Herri hau iraganera begira jarri nahi dute, Lizarra-Garaziren aurreko garaietara. Baina aldaketaren ordua heldu zaigu. Herritarrek, era batera zein bestera, garbi utzi dute sakoneko aldaketak behar direla Herri gisa bizi ahal izateko.

Eta, ezker abertzalea ezinbestekoa da gatazkaren konponbidean; Euskal Herriaren eraikuntzan: lurraldetasun eta autodeterminazio eskubideetan oinarritutako eraikuntzan. Denok hartu behar dugu parte garrantzizko une honetan, iruzur berri bat gerta ez dadin, duela 30 urte bezala.

Bide horretan, gure ahotsa entzungo dute martxoaren lehenean botopaperen bidez, nahi badute eta nahi ez badute ere. Zalantzarik ez izan! Egun horretan, egungo «Demokrazia 0» egoera gainditurik, Euskal Herriko 3.000.000 biztanleentzako demokrazia eraikitzearen alde dozenaka mila boz zenbatu beharko dituzte. Burujabetza eta independentziaren aldeko boz uholdea izango dute. Horretarako, lan eskerga egin beharko dugu, eskuz esku, ahoz aho, etsai eta arerio guztien trikimailuei aurre eginaz. Ez dugu abstentzioa egingo, nahiz horretara bultzatu nahi gaituzten maltzurkeriaz, propagandaz eta guzti.

Gure bozak ozenak bezain kontagarriak izango dira. Independentziaren oihua, milaka eztarritatik ateratakoa entzungo dute Moncloan eta Ajuria Enean. Eta bihar, Bilboko kaleak itxaropenez jantziko ditugu egingo dugun manifestazioan Euskal Herriarentzako demokrazia aldarrikatuz. Lagunok, abertzaleok eta ezkertiarrok, goazen 180 graduko bira ematera, benetako Demokraziaren aldeko lanaz Independentziari ateak irekitzera.

Besoz beso, gurekin izango ditugu kartzeletan irrikaz beterik eta guri begira bizi diren ehunka preso politiko, lagun eta kide maitagarriak; hauekin batera, etxetik alde egin behar izan duten abertzale eta langile finak. Eta bihotzean kilikan, aurretik joan zaizkigun kide eta lagun abertzale eta ezkertiar eredugarrien indarra eta goxotasuna.

Estaturik gabeko gure nazioarentzat, Independentzia da etorkizunerako aukera bakarra eta egungo motorra politikagintzan. Beste edonolako aukerak gure herriaren asimilazioa dakar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo