Bachelet 1972az geroztik Kubara bisita egin duen lehen presidente txiletarra da
GARA |
Txileko presidenteak, Michelle Bacheletek, bere homologo kubatarrarekin, Raul Castrorekin, izan zuen bilera positibotzat jo zuen. «Txileko eta Kubako interesak aintzat hartuta, oso konstruktiboa izan zen», adierazi zuen. Latinoamerikaren ikuspegitik begiratuta, bilkura oso baliagarria izan zela gaineratu zuen. «Latinoamerika osatzen duten herrialdeekiko ardura bat dugu, erronka anitz bizi ditugu eta», esan zuen. Biek «ahots bakarra» eskatu zuten.
«Oraindik orain, pobrezia, desberdintasun sozialak eta bazterkeria gure gizarteetan errotuta daude. Arazo horien inguruan kezka izateaz gain, horiei aurre egiteko borondatea dugu. Asko dugu egiteko eta gure bizilagunei laguntzeko», helarazi zuen.
Amerikako Estatu Batuek 1962an uharteari ezarri zioten blokeoari dagokionez, horren kontra dagoela nabarmendu zuen. «Txile ez dator bat neurri diskriminatzaileak luzatzearekin, are gehiago egungo krisi egoeran. Hala adierazi dugu beti erakunde guztietan eta esku hartzen dugun foroetan», plazaratu zuen. «Blokeoak kubatarren eguneroko bizitzari kalte larria eragiten dio, batez ere, krisi garai honetan», esan zuen. «Txilek beti defendatu duen jarrera horrek garrantzia berezia du egun, krisia dela-eta», berretsi zuen. Adierazpen horiek atzo enpresekin egindako foroan egin zituen. Gai ordenaren atal nagusia, ordea, merkartaritza harremanak dinamizatzeko proposamenak izan ziren.
Salvador Allenderen heriotzaz geroztik, mandatari txiletar batek Kubara bisita egiten duen lehen aldia da. Allenderena 1972an izan zen. Bacheletena asteazkenean hasi zen. Lehen ekitaldia Jose Martiren oroigarriari lore eskaintza egitea izan zen. Ondoren, Injinerutza Genetikoa eta Bioktenologia guneak ikusi zituen Osasun ministro Jose Ramon Balaguer eta Atzerri ministro Felipe Perez Roquerekin batera. Bertan zela, gai horretan sakontzeko memoranduma sinatu zuten. Bere hitzetan, bi herrialdeen helburua etorkizun hurbilean arlo horretan lankidetza areagotzea da. «Elkarlanean ikerketak egin nahi ditugu, ezagutza trukatu eta, azken batean, osasun gaietan aurrera egitea ahalbidetuko digun lana bideratzea», jakinarazi zuen.
Hurrengo urratsa Kubako aditu talde batek Txilera egingo duen bidaia izango da, hango espezialistekin batera jorratu beharreko arloak zehaztea helburu izango duena.
Bacheleten esanetan, «Kubak osasun eta giza garapen maila handia du». Ildo horretan, gaixotasunen diagnostikoa garaiz egiteko eta tratamendua hasteko duen gaitasuna nabarmendu zuen.
Presidente txiletarraren bisita gaur amaituko da. Egunkari txiletar batek argitara eman duenez, baliteke bazkalostean Fidel Castrorekin elkarrizketatzea.
Castroren azken argazkiak duela hilabete eskas zabaldu zituzten haren osasuna guztion ahotan zegoenean. Orduan, Argentinako presidente Kristina Fernandezekin agertu zen. Honek «oso ondo» ikusi zuela adierazi zuen balizko txartzearen zurrumurruak isilaraziz.