GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Egoera kaxkarra

Gorri-urdin guztien batasuna eskatu du klub armaginak

Bost porrot jarraian sufritu ondoren, Eibar lehen bait lehen erreakzionatzera behartuta dago. Horretarako, zaletuen laguntza eskatu du presidenteak.

p037_f01.jpg

A.U.L. | EIBAR

Egoera larrian dago Eibar, bost porrot jarraian sufritu ondoren. Horren islada eta ondorioa, Alex Aranzabalek atzo zabaldutako eskutitza.

Presidente armaginak, taldeak aurretik duen erronka gogorra azpimarratu zuen batetik eta, bestetik, zaletuen laguntzaren garrantzia azpimarratu zuen, mantentzearen helburura doan bideari ekiteko. «Guztion esku dago» da, hain zuzen ere, Aranzabalek zabaldutako idatziaren tituloa. «Ez dugu etsiko», promestu zuen. Baina, «hortarako batasuna beharrezkoa da. Zaletuak, zuzendaritza, taldea, prentsa... Guztiok egin behar dugu arraunean norabide berean, nekatu arte, gure indarren azken tanta agortu arte. Bakoitzak bere tokitik klubari lagundu behar dio», azpimarratu zuen. Ildo horretan, «batasuna Eibar berezia eta bakarra bihurtzen duen balorea» dela gogorarazi zuen, «inplikazioa, borroka, entregatzea eta aparteko ahaleginarekin» batera.

Epe luzeko helburua Eibarren mantentzea. Horrela izan dadin, epe laburrekoa Ipurua, bihartik aurrera, «erasoezineko gotorlekua» bilakatzea litzateke. Eta ez da berritsukeri hutsa, aurrekariak, egoera eta egutegia ikusita, Ipuruan baitago armaginen mantentzearen gakoa.

Kontutan hartu behar da, Aranzabalek «hiru puntutako» desabaintailari buruz hitzegin arren -hori da, egun, 18. sailkatuarekiko aldea-, bidea askoz luzeagoa dela. 21 puntu ditu orain Eibarrek eta 57 besterik ez dira jokoan jarriko ekainera arte; hau da, lehiatuko diren puntuetatik erdia baino gehiago eskuratu behar ditu, mantentzea ziurta dezaketen 50-52 puntuekin amaitzeko.

Erronka gainditzeko aukera onena Ipuruan izango du, bertan hamar partida jokatu behar baititu oraindik. Are gehiago taldeak etxean eta etxetik kanpo daramatzan ibilbideak kontutan hartuta: bost puntu besterik ez dituzte lortu eibartarrek bisitari bezela jokatutako 12 neurketetan eta hiru aldiz gehiago, 16, Ipuruan lehiatutakoetan. Argi dago, beraz, mantentzearen bidea nondik pasatzen den.

Ulergarria da, beraz, zuzendaritzak egindako deia. Zaletuen erantzuna ikustea falta da orain eta, batez ere, taldeak erantzunari ematen dion esker-ona.

Hutsuneak

Carlos Pousok, bestetik, asteko azken lan-saioa zuzenduko du gaur goizean, kili-kolo dauden jokalarien eboluzioaren zain. Urzelai, Raul Garcia eta Yague jokatzeko prest ez badaude, entrenatzaileak bigarren taldeko jokalariren bat deitu beharko du bigarren astez jarraian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo