Pier Paul Berzaitz eta Itxaro Bordak Oihenarten poesia ekarri dute Bilbo Zaharreko Forumera
Poesia eta musika uztartu zituzten beste behin atzo Bilbo Zaharra Forumean. Atzo Arnaud Oihenart izan zen bertako protagonista, Itxaro Borda eta Pier Paul Berzaitzen ahotsetan.
Anartz BILBAO | BILBO
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu Forumaren barruan, Arnaud Oihenarten (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) poesia izan zuten mintzagai atzo Pier Paul Berzaitz zuberotar kantariak eta Itxaro Borda lapurtar idazleak, protagonistak beraiek kontatu zigutenez.
Itxaro Bordaren esanetan, «ikusgarri atsegin bat eskaini nahi dugu, saio lasai bat, eta ez euskal literaturari buruzko kurtso dogmatiko edo pontifikatu bat». Helburua edo aitzakia, berriz, «gaizki ezagutua den Ipar Euskal Herriko olerkari bat aurkeztea da». Arnaud Oihenart jaiotzaz zuberotarra zen baina ezkontzaz baxenabartarra, eta abokatua izanik, lapurtar aferetan ere parte hartu zuen. «Beraz, itzal handiko gizona zen Ipar Euskal Herrian».
Pier Paul Berzaitzek ere ongi ezagutzen du Oihenart, Muskildin haren omenezko pastorala sortzeaz gain, XVII. mendeko olerkariaren poemak musikatu eta «Arnaud Oihenart (1592-1667), poemes de jeunesse» lanean eman baitzituen, Elkar diskoetxean. «Gure zuberotar intelektual inportantea da Oihenart (orduan intelektual gehienak erdaldunak ziren, ez euskaldunak bera bezala), unibertsala delako. Bere garaian asko bidaiatu zuen, baita latinez zein erdaraz liburuak idatzi ere. Bukatzeko, apaiza izan gabe euskaraz poesia idazten ere lehena izan zen».
Behin Oihenart aurkeztuta, haren olerkigintzari buruz galdetu diogu Berzaitzi. «Bere poesia oso librea da, sentsuala, eta ez zuen mugarik bere inspirazioan. Apaizek ez bezala, amodioa aipatu ahal zuen, baita emaztearen gorputza ere, edo bere amets eta delirioen berri eman». Garai hartan ez omen zen ohikoa hain librea izatea.
Hurbileko euskara
Oihenarten hizkuntzari buruz Bordak honakoa nabarmendu du: «Ipar Euskal Herriko euskara ulertzen zaila den aurreiritzia ahazten baldin bada, entzun eta ulertuko dugu Arnauden euskara mendebaldetik, ekialdetik eta erdialdetik oso-oso hurbil dagoela, eta nik bederen horregatik dut maite Oihenart irakurtzea, hurbiltasun horrek harritzen nauelako». Bukatzeko, Oihenarten lanak musikatzeaz hitz egin zigun Berzaitzek. «Ez dut tradiziotik musikarik ezagutzen Oihenarten testuentzako, nahiz eta bere poesiak barne musika baduen. Berak idazteko hartu libertatea hartu dut nik ere bere poemak musikatzeko».