GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Elena Martinez Rubio Filosofian doktorea

Argiaren Haranean

Caminadaren iritziz, bitartekoak eskaini behar ditu etxegintzak, betiere gizartearen arlo desberdinak bateratuz eta, azken batez, etorkizunaren aldeko borroka jendearen artean sustatuz

Eztei aurreko gaua heldu zen, eta huts egindako gonbidatuen bila joatea erabaki zuen senargaiak behin batean Vrin herrixkan. Eliza aurretik igarotzean, burezur batekin egin zuen behaztopa ustekabean eta «zatoz nirekin!» esan zion ausardiaz. Elkarrekin abiatu dira, beraz, bi bidezkoak ilunpetan. Eta hara non kandela argiak irten zaizkien bidera. Batzuk ahitzeko zorian, besteak berriz, indar handiz erretzen oraindik; beste hainbat, ordea, oraintxe ari dira pizten. «Nirea zein da?», galdetu du ezkongaiak. Eta bereak erretzeko gutxi daukala ikusirik, konortea galdu du. Senera etorri eta etxera itzuli da berehala, gertatutakoa amets hutsa izan delakoan. Baina sorterrian ez dago, honez gero, bera ezagutzen duen inor.

Elezahar rumantsch honen arabera, laurogei urteko bidaldia egin omen zuen gizonak gau hartan, munduen artean bere burua galduz nonbait, eta berraurkituz ondoren. Laurogei delako horrek (zortzi bider hamar, hamartar sisteman) zortzi zenbakiari doakion magia-kutsua du, zalantzarik gabe -baztergabetasuna ere adierazten du, euskarazko hamaikak egiten duen bezalaxe.

Antzeko zerbait jazo ei zitzaion Leireko gure Virila abadeari: egun batean urretxindorraren deiak erakarrita basoan galdu eta bizpahiru mende geroago bihurtu zen abade etxera. Ohiko bizi-baldintzen langaren hauste bat, agi denez. Argiaren abiadura hartuz gero, edozein bidaiariri gertatuko litzaiokeena berriro lurreratzean -erlatibitatearen teoriaren ikuspegitik bederen.

Vrin, izan ere, Suitzako Val Lumnezia edo Argiaren Harana distiratsuko azken herritxoa dugu, mila bostehun metrotan, Alpeetako alhapide oparoek inguratua. Egia da argitasun zoragarri bat jabetzen dela ia egun oro bailara zuri zabal luze honetaz, eguzkia hiru mila metrotik gora diren gailurren ostean sortu bezain laster, berdin neguko elur lodiak dena azpian hartu duenean ere. Oskarbi egoten da gehienetan; lainorik, bakanetan.

Vringo Eliza zurixkak bestalde, eraikin bat du erantsia, hezurtegia alegia, burezurrek lerro-lerro osatutako erlaitza eta guzti. Ondoko belardian, hilarri xume batzuk agertzen dute burua. Ez da hau, hala ere, leku goibela.

Ulergarria da, eskualdeak oso biztanle gutxi daukala gogoan hartuta, biziek hildakoak lagun izatea, nola edo hala. Areago antzina, ezkontza egun edota ospakizun eta une berezien karietara. Ez da ere harritzekoa, Gion Caminada bertako semeak -aspaldion Suitzan ez ezik atzerrian ospetsua egin den arkitektoak- eliza alboan zur zuriaz eraikitako Stiva da morts (Hildakoen gela) beilatokiari ere bere izen ona zor izatea.

Bizitzaren alderdi guztiak barne hartzen dituen eraikuntza mota bat dugu berea, hain zuzen. Tokian tokiko gizakien egoera eta premiak aintzat hartzen dituena, arazo, helburu eta balio orokorrak behin ongi aztertuta.

Vrin bera dugu horren adibidea: kinka larrian husten, agortzen, hiltzen ari zen herriari auzolanean bidezko irtenbide bat bilatzea izan da-eta gure etxegilearen abiapuntua. Inork lana bilatzeko orduan, sorlekutik alde egin beharrik izan ez dezan. Hortaz, bide berriak urratu ditu baserritarren nahiz abeltzainen ogibideak kolokan diren honetan -jatorrizko nortasunari uko egin gabe.

Caminadaren iritziz, bitartekoak eskaini behar ditu etxegintzak, betiere gizartearen arlo desberdinak bateratuz eta, azken batez, etorkizunaren aldeko borroka jendearen artean sustatuz.

«Turismoguneak hedatzerakoan, irabazkina da azti-hitza, eta inor ez da epe luzeko ongizateaz arduratzen», dio berak. Ingurumena hondatzen eta txikitzen duten eski-oporretako guneak itsu-mustuan bultzatzen dira, beste era bateko aukeren garatzeari muzin egiten zaion bitartean.

Berrehun eta berrogeita hamar bat bizilagun geratzen diren Vrin herrian ostera, lantegi txikiak eraiki dira azkeneko urteotan, kirol eta kultur aretoak sortu, azpiegitura egokiak osatu, herritarren arteko harreman sareak sendotu... baita galzorian den erromantze hizkuntzaren erabilera indartu ere, besteak beste. Honela, berezko balioa atxiki dute oholezko lehengo bizilekuek zein behitegi eta borda zaharrek. Ez direlako ez bertan behera erori ez turistentzako museo bizigabe bihurtu. Edertasuna eta gaurkotasuna, erabilgarritasunetik eratorri dituzte eta.

Arkitektura ikasi aurretik arotza izan zen Caminadaren sortze lanak atseginak bezain soilak ditugu gainerakoan. Ez dute begietan min egiten digun ezer, ez ertz zorrotz urratzailerik, ez erpin ebakitzailerik. Eta herriko irudiaren orekari eta giroari eusteaz batera, argitsuak, bereziak eta berritzaileak ere badira.

«Xede bat dut hurrengo urteotarako. Desberdintasuna nabarmentzea. Hau da, lekuen arteko desberdintasunak. Desberdintasunak suspertzeak toki bakoitzaren bestelako ezaugarriak nabarmentzea esan nahi du. Eraikuntza bat izan liteke hau, nahiz gai bat, nahiz egitura bat, hots. Egitasmoa, alabaina, ez da desberdintasuna bera, bertatik ateratzen den gainbalioa baizik».

Badirudi bat egin dutela hildakoek eta biziek berriz ere Vrinen, merkatuaren ibilera zentzugabe saloak herrien bizibide anitzak irentsi eta berdindu ez ditzan. Eta apurka-apurka, eredu bilakatzen ari dira, ekin dioten berebiziko bidaiari esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo