GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Boza eta ahotsa, herrien ganberan izateko gakoak

Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko lehendakariaren hitzak dira. Bere nortasun politikoagatik, badu abantaila Jean-Jacques Lasserrek: inork ez dio etnizismo usainik hartuko bere esaldiari. Herrien ezagupena ekidin nahian Parisek asmaturiko «pays» egituraren baitan sorturiko tresnak desagertuko ote diren beldur da Lasserre jauna.

Frantziako administrazio eredua zaharkiturik dago. Denbora franko eman dute bere defendatzaileek, korsikarrek, bretoiek, euskaldunek, alsaziarrek... aspalditik dakitenaz jabetzeko.

Itxuraz, eraginkortasun ikuspuntu soil batetik, premiazkoa dute frantziarrek beren etxea berrantolatzea. Alta, etorkizuna hobea izan dadin herritarrekin solasaldia bultzatu ordez, pintura-eskualdi batekin ezkutatu nahi ditu oraingoan Parisek eraikinaren jatorrizko petoak.

Lehen ministro ohi baten eskuetan utzi dute puzzlea. Piezak banandu eta berriz nola osatu asmatu ezinean imajinatzen dugu geroztik Balladur jauna.

Plan berria ez dute oraindik erakutsi nahi. Oraingoz, pieza bat edo beste alfonbra azpian sartzen dute... ondoren zer gertazten den beha geratuz.

Eraikinaren zama arintzea omen da helburua. Apainketa gutxiagorekin Estatuak itxura sendoa (bortitza?) gordetzea.

Lana zaila da eta, denbora pasatzeko, galderak airean botatzen ditu Balladurrek. Eta departamendua kentzen badugu?, xuxurlatzen du. Eta galderatxoa pausatu bezain pronto, Paueko teilatupean bizi direnen artean dardara sumatzen da. Eta «pays» ez badira? Eta Lasserrek, inauteri aroan, euskal abertzale gisa gogoetak plazaratzen ditu!

Badakit oso zaila dela politikari tipiei, guztiei, ez begiratzea. Alta, begirada luzeago jotzea merezi du. Hauteskunde kanpaina tartean dela, burua hotz eta bihotza bero gordetzeko.

Bretainian erreformaren eztabaidaz profitatu dute eskualde bakarrean elkartzeko aukera zabaltzeko, eta Korsikan akordio sakonak gauzatu dira erakunde propioak lortzea helburu.

Etxean nahasiak dira urak. Berriz ere tranpak egin dituzte ezkerreko abertzaleak legebiltzar txikietatik kanpo utzi nahian. Alta, partida ez da amaitu. Herriak karta garailea badu. Boza. Ahotsa. Gakoa. Geroaren atea zabaltzeko. Benetako «pays», herriek, osatuko duten ganberan eserlekua badu Euskal Herriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo