Julen MURGOITIO
Inauteri tristeak
Kanpaina datorrela! oihuka zeudela milaka pertsona ikusi nituen lehengoan Euzkaditik presaka ateratzen, Nafarrorako biderantz. Kanpaina?, pentsatu nuen neure inozentzia hutsean, altxatua ote dute antxoa harrapatzeko debekua? Ez, hauteskunde kanpaina zen; eta debekua ez dute altxatu, zabaldu baizik, antxoa ez ezik ezkerreko abertzaleak ere barne hartuta. Debekuaren zergatiaz aritu naiz une batez pentsakor, baina abertzaleon kasuan ez dut uste gerora begira horien stocka handitzea izango denik helburua, ez bada geroan harrapaketa gehiago egin ahal izateko. Tira, inauteri tristeak hasiak dira, benetako inauteriei aurrea hartuta. Zeinek gehien eskaini norgehiagokan dabiltza plazaz plaza, hitzontzikerian, belarriak aspertu arte. Hau kolpea! Batzuek hitzik ez eta besteek sobera. Ohiko trafikoa ugaldu egin da egunotan gurean diren errepide handietan, kanpainak eskatzen dituen arrosak arrazoia izanda. Hau bai amaiera tristea arrosa jaio zen horrentzat! Sozialista monarkiko baten paparrean amaitu beharra! Klima aldaketagatik ari dela loreen loratze aldia luzatzen esaten dute batzuek, baina bai zera, sozialisten paparrengatik ari da benetan arrosen zimeltze puntua aurreratzen. Gainera, konturatu ote zarete aurrenekoetan ez bezala oraingo kanpainan zelan jesartzen diren hautagaiak antzokian, halako aulki altu horietarikoetan? Oraintxe ulertu dut bere osoan gaur indarrean den lehendakariaren orain urte batzuetako irudi hura, Ibaizabalen ezkerraldeko saltoki handi batean di-da batean aulkia osatu zuenekoa. Antzerki antzera.
Lurrean denaz nazkatuta Lurretik kanpoko espaziora denbora baterako alde egitea deliberatu nuen lehengoan. Eta izen handiko bidai agentzia batera joan ere, ordutegi eske. Eta, hara!, izar arteko eremuan paseoan nengoela, dzast!, kristoren zaratotsa entzun nuen. Big-bang horietarikoa zelakoan nengoen hasieran, seguruenik Kristok Vatikanoko irratiren batera ordu bete lehenago abisua emanda edo. Baina ez, istripua zen, talka ederra. AEBetako komunikaziorako satelite batek eta Errusiako satelite militar zaharkitu batek elkar jotzean izandako talka. Ama, ama!, pentsatu nuen, non demontre da propagandak zioen hitzik gabeko isiltasun hori? A-8ren itxura hartu du honek! Tira, Australiako suteak eta Auskalo Herriko uholdeak behintzat parean ikusteko parada izan nuen.