GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Oiartzungo Udalak Lakuak herrian babes ofizialeko 212 pisu finantzatzea lortu du

Lakuako Gobernuko Etxebizitza Sailaren eta Oiartzungo Udalaren ika-miken ostean, azkenean bi aldeak adostasunera iritsi dira Arruaga auzoko babes ofizialeko etxebizitzen inguruko afera konpontzeko. Guztira 212 etxebizitza finantzatuko dituzte.

GARA |

Aste honetan Oiartzungo Udaleko eta Lakuako Gobernuko Etxebizitza Saileko ordezkariak hitzarmena adostu dute Arruaga auzoko etxebizitzen inguruan. Hala, Gobernuak babes ofizialeko 212 etxebizitza eskainiko ditu, horietatik 160 azalera eskubidekoak, 48 alokairu sozialekoak eta 4 Udalaren behar sozialak asetzeko.

Pisu guztiak oiartzuarrentzako izango dira, eta zozketan sartu ahal izateko hiru baldintza bete beharko dira: Etxebiden inskribatua egotea, Oiartzunen erroldatua egotea, eta Oiartzunen erroldatua egon ezean, gutxienez aurretik bost urtez erroldatua egon izana azken hamar urteotan.

Komunikabideetara igorritako ohar baten bidez, Oiartzungo Udalak emandako pausua «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du, «Etxebizitza Sailarekin hitzartutako baldintzek gure herriari hainbat onura suposatuko baitizkiote». «Hurrengo pausoa Bruesa enpresa eraikitzailearekin gauza berdina egitea izango da. Aurretik esan bezala, urratsak oso aurreratuak daude eta datozen egunetan egitea espero dugu», gaineratu dute.

Ekipamenduak mantendu

Oiartzungo Udalak nabarmendu duenez, proiektuak auzoa berritzeko «aurreikusten ziren ekipamenduak eta berrikuntzak mantenduko ditu». «Litzin erreka zeharkatzen duen zubi berria, Eusko Trenen errailen bikoizketa eta geltoki berria, Zubiondo etxearen sarrera berria eta igogailua, dorreen inguruko urbanizazio eta eraberritze integrala eta oinezkoentzako etorbide eta plaza berriak, besteak beste», goraipatu dute.

Bestalde, hilabete hauetan oposizioak mantendu duen jarrera gaitzetsi du Oiartzungo udal gobernuak. «Lagundu beharrean, proiektua oztopatzera mugatu dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo