GARA > Idatzia > > Kultura

«Sustraiak Errotuz» dator Arabako Bertsolari Txapelketa

18 bertsolarik parte hartuko dute datorren otsailaren 28an hasi eta apirilaren 4an, Gasteizen, bukatuko den Arabako Bertsolari Txapelketan. Helburua, antolatzaileen esanetan, bertsolaritza Arabako lurralde osora zabaltzea. Parte hartuko dutenen artean, aurreko edizioetan txapela jantzi duten Oihane Perea, Zigor Enbeita eta Asier Otamendi egongo dira.

p058_f01_200x105.jpg

Ainhoa LORES | GASTEIZ

Arabako Bertsolari Txapelketa datorren otsailaren 28an abiatuko da Amurrion, eta Gasteizeko Printzipal Antzokian bukatuko da apirilaren 4an. Guztira 18 bertsolari arituko dira lehian.

«Sustraiak errotuz» lelopean aurkeztu dute aurtengo txapelketa. Antolatzaileen esanetan, «aurreko urteetako txapelketekin emandako salto kualitatiboarekin lortutakoa mantentzea eta sendotzea da aurtengo helburu nagusia».

Egituraren aldetik, bertsolari guztiak egongo dira lehian hasieratik, sei saio bakoitzeko. Horrek esan nahi du, lehen fasetik, maila guztietako bertsolariak elkarren ondoan arituko direla.

Orotara hiru kanporaketa jokatuko dira eta horietan lehen postua lortzen dutenak zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara. Hain zuzen ere, bi finalaurreko izango dira eta bakoitzean sei bertsolarik hartuko dute parte. Finalean ere sei bertsolarik hartuko dute parte; bi finalerdietako irabazleek eta finalerdietan puntuazio onena lortzen duten beste lau bertsolariek.

Lehenengo saioa, aipatu bezala, Amurrion izango da eta Manex Agirre, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita, Serapio Lopez, Felipe Zelaieta eta Ruben Sanchez arituko dira nor baino nor. Enbeitak 2003an eta 2006an jantzi zuen txapela Arabako Bertsolari Txapelketan. Horrez gain, Prudentzio Deuna Sariketetan bi aldiz izan da irabazle. Aurten gogotsu dago, dena emateko prest: «Ilusio handia daukat. Urte hau berezia da, ez baitago Arabako txapelketa bakarrik; Euskal Herrikoa ere hor dago eta bi txartel daude jokoan. Txapelketa nagusian ez dut sekula parte hartu, horregatik, txartela lortzea eta behingoagatik bertan abestea gustatuko litzaidake», adierazi digu Abornikanokoak. «Hilabete honetan hasiko naiz entrenatzen, orain arte ez baitut denbora askorik izan. Momentuz bertsoak idatzi eta burua freskatzen ahalegindu baino ez dut egin», aitortu du bertsolariak.

Oihane Perea da jadanik Arabako txapeldun izanik aurtengo txapelketan parte hartuko duen beste bertsolarietako bat. Gasteiztarrak 2007an irabazi zuen Arabako txapelketa. «Urte garrantzitsua da; hor dago gure txapelketa eta baita Euskal Herrikoa ere. Bide luzeko urtea daukagu aurrean eta lehenengo urratsak oraintxe ematera goaz. Hori dela eta, ilusio handiarekin nago». Pereak behin parte hartu du Euskal Herriko txapelketan. «Garai hartan ama izan berri nintzen lehenengoz eta txapelketa nagusia ez nuen lehentasun moduan hartu. Horregatik, txartela eskuratzea eta arantzatxo hori kentzea nahiko nuke», azaldu du gasteiztarrak. Hala ere, txapelketa nagusirako txartela beste edonork lortuta ere, pozik izango da Araba ondo ordezkatuta izango delako.

Asier Otamendik ere parte hartuko du aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan. Araban txapel gehien jantzi dituen bertsolaria da: Prudentzio Deuna Sariketa bost aldiz irabazteaz gain, 2002, 2004, 2005 eta 2008ko Arabako Bertsolari Txapelketak irabazi zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo