Silveira, «Etxabe» eta Legarreta, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerdietara
A. L | TAFALLA
Xabier Silveira izan da Nafarroako Bertsolari Txapelketako 37. edizioko azken kanporaketako irabazlea. Lesakarrak 187,5 puntu lortu zituen Tafallan ospatu zen saioan. Bigarren postuan Xabier Legarreta sailkatu zen 186ko puntuazioarekin, eta Joxe Juan Zubieta «Etxabe» hirugarren postuan sailkatu zen, guztira 185 puntu lortuta. Hiruek datorren larunbatean Goizuetako udaletxeko ganbaran ospatuko den lehen finalaurrekoa jokatuko dute. Gainontzeko bertsolarien sailkapenari dagokienez, Xabier Terrerosek 167 puntu lortu zituen, Diego Riañok 165,5 eta seigarren postuan Ekaitz Astiz sailkatu zen 153ko puntuazioa lortuta. Tafallako Kube Aretoa izan zen azken kanporaketako lekuko eta, antolatzaileek GARAri azaldu zietenez, giro polita izan zen nagusi eta 150 bat lagun inguru bildu ziren.
Finalerdiak
Behin kanporaketak amaituta, hiru finalerdi geratzen dira Elizondon ospatuko den finalaren aurretik. Datorren larunbatetik hasita, Goizuetan, Altsasun eta Antsoainen ospatuko dira eta guztira 18 bertsolari ariko dira lehian. Lehen saioan Julen Zelaieta, Jon Barberena, Iñigo Olaetxea, Bittor Elizagoien, Eneko Lazkoz eta Aritz Saragueta ariko dira nor baino nor. Bigarren zita otsailaren 28an izango da Altsasun eta bertan Aimar Karrikak, Xabier Silveirak, Saioa Alkaizak, Jon Elizetxek eta Alazne Untxalok parte hartuko dute. Bukatzeko, datorren martxoaren 7an Antsoainen ospatuko den finalaurrekoan, Julio Soto, Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Jose Juan Etxabe, Iñaki Aleman eta Ander Fuentes izango dira.
Martxoaren 21ean Elizondoko Lur aretoan egingo den finalean, berriz, zortzi bertsolari ariko dira nor baino nor.