Binakako txapelketa
Momentu beroenetan odol hotza behar delako
Bengoetxeak eta Belokik urrearen balioa duen puntua lortu zuten partida zoro batean
Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ
Jardunaldiak aurrera doazen heinean, txapelketako partiden kalitatea eta emozioa gorantz egiten ari direla dirudi. Izan ere, hasierako jardunaldietan izandako partida kaxkarren ostean, azken bi jardunaldietan emaitza altuak eta emozioa nagusitu dira frontoietan.
Eta noski, atzokoa ez zen gutxiagorako izan. Partidaren hasiera negar egiteko modukoa izan bazen ere -lehendabiziko hamar tantoetatik zazpi akatsak izan ziren-, azkenerako sekulako neurketa ikusi ahal izan zuten Labritera hurbildu ziren pilotazaleek.
Hasiera pattal horren ondoren, lau pilotariak berotzen joan ziren, eta tantoen ikusgarritasuna esponentzialki hazi zen. Markagailua oso orekatua egon zen uneoro, baina Titinek eta Pascualek, Abartzuzakoaren kolpean oinarrituta, lehen distantziak ireki zituzten. Baina hori ere dinamika kontua izan zen, eta hamalaunako berdinketarekin dena aldatu zen. Hain zuzen ere, tanto hori frontoian gertatzen ari zenaren erakuslea izan zen: Titinek denak menpean zituen, baina bere atzelariarekin izandako gaizki ulertu batek gorriei eman zien tantoa. Dena den, bikote gorriak ere makalaldia izan zuen, eta neurketa 20-20 jarri zen. Gorriek buru gehiagorekin jokatu zituzten azken tantoak eta modu horretan txapelketako 4. puntua eskuratu zuten.
Bengoetxea eta Beloki sasoi bikainean daude. Lehen lau neurketetatik bakarra irabazi ostean, askok kaleratutzat eman zituzten, baina azken hiru partidak irabazita faboritotzat jotzen dituzte orain askok. Pozik zen atzo Burlatakoa: «Argi dago gorantz goazela. Edonork irabaz zezakeen, baina azken tantoetan hobeto egon gara eta gure aukeretan gehiago sinistu dugu»