GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak | Buruz Buruko Txapelketa

Waltarik eta Ezkurrak finala jokatzeko lehen txartela lortzeko aukera dute

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gauza asko erabakiko ditu gaur arratsaldean Garindainen jokatuko den Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiak. Alde batetik, lehen finalistaren izena jakiteko modua izango da eta, bestetik, ia aurrera egiteko aukerarik gabe geratuko den pilotari batena ere bai.

Lehen partidan Waltari eta Ezkurra neurtuko dira. Bi horien artean garaipena lortzen duenak finalerako txartela ia eskuetan izango du. Lehen jardunaldian biek irabazi zuten, markagailuan alde handiak aterata gainera. Horrek bidea erraztu egin die biei, eta gaur garaipena erdiesten duenak Modernerako bidea egina izango du.

Waltari eta Ezkurraren artean faboritoa aipatzerakoan, kubatarraren izena agertzen da. Biak sasoi bikaina erakutsi zuten lehen jardunaldian, baina Garindaineko trinketa berunezkoa da, pilota fite ibiltzen den horietakoa. Horrek mesede egiten dio Waltariri, beretzat oso egokiak baitira horrelako trinketak. Ezkurrak badaki hori eta garbi du errestoak garrantzi handia izango duela, Waltarik sakearekin min handia egiten baitu.

Bigarren partidak ere sekulako garrantzia dauka. Kurutxari eta Ozafrain arituko dira nor baino nor, eta lehen jardunaldian biak galdu egin zutenez, gaur gauza bera egiten duenak finalean izateko ia aukerarik ez du izango.

Bi pilotariek, gainera, lehen partida alde handiarekin galdu zuten, eta horrek gauzak asko zailtzen dizkie. Patrick Ozafrain aterako da garaipena erdiesteko faborito bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo