GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Txarli Gonzalez, Ana Mezo, Oihana Estibez eta Begoñe Agirre Ezker Abertzaleko batzarkideak Bizkaiko Batzar Nagusietan

Arantza Urkaregiri

Kaixo Arantza. Zuk gutun hau egunkarian irakurtzeko aukera izan arte itxaron nahi genuen. Orain Galizian zaudela, espero dugu zure egunerokotasunean horretarako astirik bilatzea. Ez duzu erraza izango, badakigu, zauden lekuan zaudela, beti lanpetuta ibiltzen baitzara.

Batzar Nagusietatik berri handirik ez. Ez omen zara etxe honetako batzarkidea, eta horregatik bakarrik ez dira arduratu zure egoeragatik, eta horregatik bakarrik ez dute eskatu zuri ezarritako inkomunikazio aldia eten zedila, hala eduki zaituzten bitartean. Gero, kalean, ozen-ozen esango dute PNVkoek alderdien legearen kontra daudela, baina hemen, Batzar Nagusietan, ez dira ohartu, antza, 17.000 bizkaitarren bozek zu hautatu zintuztela Bizkaiko EAE-ANVko batzarkide izateko gurekin batera. Antza, ez zaituzte astero-astero Hurtado Ametzagako eraikineko igogailuan ikusi, zure karpetatxo beltzarekin, Bizkaiko aurrekontuak xehatzera zentozela, eta gero korrika batean gure bulegotik Leioara, unibertsitatera, zure ikasleekin tutoretza-ordua jarria zenuela eta ezin zinela berandutu!

Egia, esan, ez genuen bestelako erantzunik espero erakunde honetako buruengandik. Zure egoeragatik arduratzea hori baino askoz gehiago egitea bailitzateke: zure kargua zuri dagokizula onartzea bezala izango zen, eta Batzar Nagusi hauetan bozekin hautatuak izan ez diren pertsona gehiegi dago. Oso itsusi geratuko zen.

Etxe bedeinkatu honetan zure atxiloketa sumatu dugun bakarrak geu izan gara, zure 24 ordutako telefonoa itzalita baitago orain, eta ez zaizkigu Bizkaian egon daitezkeen jardunaldi eta hitzaldi guztien gonbidapenak iristen zure e-mailetik, baina egon lasai! Guk gure lanarekin aurrera jarraitzen dugu-eta, ez dago gelditzerik, zuk ondo dakizu hori! Hemen gabiltza, Mendekotasun legearen eta kopagoaren inguruan eztabaidatzen; Miribillako lur kutsatuena orain dela bi aste eztabaidatu genuen batzordean; eta aste honetan Muskizeko koke instalazioarekin borrokan ibili gara. Jakingo zenuen Udalak baimena eman diola jada, bederen herritar-kontsulta egin arte itxaron ordez. Petronor-en atzaparrak luzeak dira!

Gutun hau beharrezkoa ez izatea gustatuko balitzaiguke ere, gutxienez kale mailan jendeak zuk dituzun aurpegi publiko guztien artean beste bat ezagutzeko ere balioko du: Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidearena, hain zuzen ere. Batzarkidea ere, izan, bazarelako, eta ez gu laurontzat bakarrik, baizik eta milaka eta milaka euskal herritarrentzat ere bai.

Ez gara nekatuko gure borrokan, beste Bizkaia eredu bat eraikitzen jarraituko dugu, posible delako, eta badakigulako zuk handik urrunetik, A Lamako kartzelatik ere, gurekin batera lan horretan jarraituko duzula!

Besarkadak eta eutsi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo