GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Argi Aurtenetxe Auzotarrok, Bilboko auzoetako jai batzordeen koordinakundearen izenean

Bilbo auzoek osatzen dute

Bilbotarrak, orokorrean, gure hiriko biztanle izateaz harro sentitzen gara, baina bilbotar bakoitza auzo bateko biztanle ere bada, eta garrantzi handia ematen diogu auzoan egiten dugun bizimoduari. Ia mundu guztia harro dago bere auzoan bizitzeaz. Hiriaren dimentsio handiek eskaintzen digutena edo auzoaren epeltasun eta hurbiltasuna oso desberdinak dira. Baina, biak oso garrantzitsuak izan arren, dirudienez, Udalarentzat auzook ez daukagu lekurik.

Nahikoa dugu datuak ikustearekin: Bilboko jaietarako, Udalak 3.180.00 euro ematen du, baina, auzoetako jaietan, 30.779 euro banatu behar ditugu auzo guztien artean. Ogi papurrak besterik ez. Auzo bakoitzari, beraz, 1.500 euroko kopurua dagokio, eta diru hori eguneko zatitzen badugu, ez da iristen egun bakar bateko komunak ipintzeko ere. (Izan ere, Udalak ez du jaietako azpiegitura bakar bat ordaintzen, komunik ere ez).

Umeentzako pailazoak ekarri nahi baditugu, edo gazte edo helduentzako berbena bat, diru horrekin agertokia bakarrik ordaindu ahalko genuke. Orduan, baina, ez genuke komunik izango, noski, eta berbenarik, pailazorik, kale-antzerkirik, txistularirik, Gargantuarik, dantzaririk, argirik, musikarik, eta beste gauza askorik ere ez.

Jai batzordeek ahal dugun guztia egiten dugu gure auzoetan kultura eta dibertimendua eskaintzeko, baina badirudi Udalak, berak antolatzen duena bakarrik hartzen duela kulturatzat, normalean gainera, Bilbo erdialdean. Adibiderik garbiena Olentzeroren ekitaldia antolatzeko erabiltzen dituen 112.000 euroak dira, egun bakar batean; edota errege eguneko 214.000 euroak. Olentzerorekin egun bakarrean lau aldiz diru gehiago erabiltzen dute, auzo guztietako jaien egun mordoan baino, eta zazpi aldiz gehiago errege egunaren kasuan.

Bilbon eskaintzen diren kultur ekitaldiek garrantzia dute, baina ez auzoetakoek baino gehiago. Gu ez gara periferia, Bilbo auzoz osatuta dago, eta haiek gabe Bilborik ez legoke. Oso harro gaude bizi garen lekuetan bizitzeaz eta gure inguru hurbilaz gozatu nahi izateaz. Ez dugu beste kultur ekintzarik mespretxatu nahi, ez horixe, baina auzoetakoak ere besteak bezain duinak dira.

Ia ahaztu zait, aurten, auzo bakoitzak, jaietan, 1.280 euroko dirulaguntza barregarria jasoko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo