GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari ekimeneko eleduna

Izan zirelako gara eta garelako izango dira

Gure herriaren etorkizuna arrisku bizian dago, XXI. mendean Europako herri zaharrena izanik ere, gure geroa leia bizian dago

Otsailak 1, igandea. Amaiurko gazteluan ipar eta hego haizeak gogor jotzen zuen, duela ia 500 urte moduan. Orduko haizeak, nafarren erresistentzia oihuak gaur arte gorde ditu, batzuetan isilean eta besteetan ozenki berriro ere aireratzen. 500 urte eta hala ere bizirik!

Haize hotzari aurre eginez, gazteluraino iristean hainbeste aldiz esan duguna irudikatu ahal izan nuen: izan zirelako gara, eta garelako izango dira! Alferrikakoak gauaren ilunpean betikoek egindako lan maltzurra, Amaiurko gailur txiki hartatik nafar kateak eta ikurrina elkar uztarturik zeuden. Gailur txikia gure herri honetako historia handian.

Ezkerretara Nafarroako ikurra, eskuinean aldiz, ikurrina eta aska ezineko korapiloa harrian agertzen den plakaren erdian. Iragana bizirik irauteak oraina eraikitzen hastea dakar, etorkizun sendo eta askea lortzeko bidean.

Hori baita gure herriaren nahia: izan nahi duguna izatea, hots euskal herritarren esku dago gure herriaren etorkizuna, duela 500 urte bezala. Eta orduan bezalaxe gaur ere demokrazia hitzarekin ahoa eta soilik ahoa betetzen duten horiek, orduan ezpatez, gaur legedi inposatua eskuan hartuta euskal herritarren nahia bortxatzen dute.

«I-barre-txe», EAJren kanpainaren leloa. «Ni bai leloa», pentsatuko luke euskaltegian hasi berri den ikasle batek; barre egiten didate niri, nire etxean? (Hi! Barre etxe ); ba gezurra dirudien arren nik ere sentsazio berdina izan dut, nahiz eta nire hizkuntza ongi baino hobeki ulertzen dudan. Ulertezina egiten zaidana da batzuen joan-etorria, atzo Euskal Herria, gaur aldiz Espainiako ikurraren inposaketaren aurrean men eginez... eta bihar? Bihar zer? A! Ahaztu egin zait Espainia liluratzeko unea iritsi dela. Inbaditzaileak liluratu eta herritarrak jipoitu, zer dela eta Espainiako Konstituzio inposatuaren izenean. Ederra ziria! Beraz ez naiz hain oker ibili nitaz eta ez nirekin barre egiten dutela pentsatzen dudanean.

Beste batzuek iniziatiba hartzera doazela irudikatzen dute. «ikur espainola Gasteizko parlamentuan jartzera behartzen bagaituzte, guk ikurrina edozein tokitan jarriko dugu». Bejon diezuela! Urrats inportantea dudarik gabe, baina ez al zarete EAEko hirukoaren kide? Badakit politika egitea ez dela batere erraza, baina merezi al du kontraesanengatik koloreak ateratzea behin eta berriz? Nik argi daukat: galtzen den azkena duintasuna da.

Eta zer esanik ez apirilaren 14an -eskubide osoz, noski- Errepublika aldarrikatzen duten gobernukideen jarreraz, hitzik ez, ikur inposatu eta antidemokratiko baten aurrean ezpainak itxirik.

Geurea Ikurrina! Bai Euskal Herriari osatzen dugun emakume eta gizonek, Estatu espainolaren ofentsibaren aurrean ateratako agiria da. Gureak direlakoz, ikurrina, nafar kateak eta Euskal Herria aintzat hartzen duen bestelako ikur euskaldunak. Batak bestea gabe izaterik ez duelakoz. Ez dugu izaterik, gure herriaren nortasuna lapurtzen uzten badugu, 500 urtetan lortu badugu nork esaten du egun ez dela posible?

Egia da bestalde, inposizioa eta ukazio ez dela gaur goizeko kontua. Euskal Herriko hiriburutik paseotxo bat ematearekin nahikoa da. Ikur espainola leku ofizial guztietan jarrita dago, hasi nafar Parlamentutik, liburutegian edota udal musika eskolan. Asimilazio prozesu gordina, euskal usaina daraman edozeren aurka. Eta inork gutxik esan du zerbait!

Herritarren borondatea behin eta berriz urratua izaten ari da. Nafarroan ikurrinak ezin du instituzioetan egon, legez ukatzen zaigulakoz; ez soilik hori, laster, Atarrabian gertatuko den bezala, kalean ere ezin izango baitu egon, nahiz eta duela urte dezente Atarrabiako biztanleen gehiengoak erreferendum bidez onartu udaletxean jarrita egon behar zuela. Inposaketa, asimilazioa, inbasioa eta konkista. Eta argi izan inbasio krudel bat pairatzen ari garela; batzuetan isilik eta leun, eta gehienetan oihuka eta bortizki.

Gure herriaren etorkizuna arrisku bizian dago, XXI. mendean Europako herri zaharrena izanik ere, gure geroa leia bizian dago.

Izan zirelako gara, eta garelako izango dira! Euskal Herriak badu izateko arrazoirik, euskal herritarrek halaxe nahi dugulakoz. Nafarroa gorria; Nafarroa berdea, Nafarroa zuria. Euskal Herria nafar kateez estuki loturik, Euskal Herria gorria, berdea eta zuria, Euskal Herria euskalduna eta askea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo