Amiantoak duen arriskua onartu behar da eta horrek eragindako kalteak ordaindu behar dira
Ez dago modu zuzenik, gizalegezkorik, eragindako heriotza bat «ordaintzeko». Senarra, arreba edo semea hil zaion horri ezin zaio galera horregatik tamaina egokian konpentsatu, eta hauetako askorentzat, eragindako kaltea «ordaintzearen» edo «kobratzearen» ideia bera da mingarria. Nolanahi ere, eragindako kaltea onartzea eta antzeko egoera bizi izan duten gainontzeko pertsonei bezala ordaintzea, izan materialki edo errekonozimendu bidez, ezinbesteko urratsa da kaltetuen gertukoek bizitza berregin dezaten.
Beste auzi askotan bezala, lan arloan ere bigarren mailako biktimak topa ditzakegu. Amiantoagatik edo osasunarentzat kaltegarria den edozein substantzia industrialengatik kaltetuak izan diren langileak dira. Langile hauetako askok eta askok substantzia horiek eragindako gaixotasunak jasan dituzte. Hauetako batzuek heriotza ere topatu dute gaixotasun horien ondorioz.
Nafarroako epaile batek erabaki du, aurrekari izan daitekeen epai batean, halako langile baten alargunari pentsioa dagokiola, senarra amiantoaren ondorioz hil zela onartuta. Jakina, kasuotan ordaina ez da sekula kaltearen bestekoa, baina izan dadila sikiera bere parekoen adinakoa.