GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi kazetaria

Boto eske, barregarri geratuta ere

Okerrenera ere ohitzeko abilidade handia dugu. Etxe ondoko kanpai hotsak, madarikatuenak izanda ere, oharkabe zaizkigu hilabete gutxiren buruan. Dohaintzat dut nik ezaugarri hau, gainerakoan lo ordu asko galdu eta aspertu ederrak hartuko genituzkeelako, kanpai hotsak ez entzuteko ez ezik, aspertuko gaituzten hitz hutsalak oharkabeko bihurtzeko ere lagungarria baita oso.

Niri jada nahikoa luze egiten hasia zait kanpaina, baina nago oraindik ere makina bat astakeria entzun eta ikusteko gaudela. Batak eta besteak esaten dutenari apenas jartzen diot arretarik. Zertarako? Askok mezuak martxoaren bigarrenean zehaztuko dituzte-eta.

Baina zailtasuna daukat hautagai askok herritarrekin «konektatzeko» duten modu xelebreen aurrean oharkabetzeko. Atentzioa ematen dit ezinbestean. Itxura guztien arabera, jakin badakite aurretik egin duten lana eta egiten dituzten promesak ez direla nahikoak botoak lortzeko eta horregatik saiatzen dira ez duten grazia hori azaleratzen, gehienetan inolako arrakastarik gabe, bide batez esanda. Taula gainean otsoaren pareko aurpegiak jarri eta mezu lehor eta erasokorrak bota, eta kalera irten eta irribarretsu, esku-zabal, ia grazioso...

Auzo-lotsa maiz sentitzen duen horietakoa naiz, gorri-gorri jartzeko punturaino, gainera; eta kanpainako lehen egun hauetan jada pare bat alditan botoiari sakatu behar izan diot azkar-azkar telebistan katea aldatu eta gisa horretako trantzeak ekiditeko. Susmoa dut, ordea, datorren ostirala bitartean gorritu aldi batzuk pasatzeko nagoela oraindik ere eta horiek niri behintzat ez zaizkit oharkabean pasatzen. Bai, bata bertsotan, alderdiko hautagaia zeinen ona den kantuan; bestea, blogean bere bizitza intimoko datu guztiak bolo-bolo jarrita, bere «pasiorik» handiena bere emaztea dela esanaz; bestea, baloiak oparitzen, eta, argazkilarien aurrean irrika, haiei ostiko emanez... Jada ohitua behar nuke honetara ere, baina moldagarritasunak ere muga du nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo