GARA > Idatzia > > Mundua

AEBek gutxienez 22 pertsona hil dituzte Pakistanen, talibanen kontrako ekintzan

Piloturik gabeko hegazkin batetik jaurtitako misilez erasotzean, gutxienez 22 pertsona hil ditu AEBetako Armadak Pakistango eremu tribalean. Pakistango ofizialek adierazi zutenez, eraso horretan hildako gehienak matxino islamistak dira.

GARA |

Gutxienez 22 lagun, gehienak matxino islamistak, hil ziren atzo AEBek Pakistango eremu tribalean misilak jaurtiz egindako aire erasoaren ondorioz. Washingtonen arabera, eskualde horretan Al-Qaedak eta talibanek gero eta indar handiagoa dute.

«Piloturik gabeko hegazkin batetik jaurtitako AEBetako misil batek talibanen gune bat suntsitu du Bhaganen», Kurram tribu-eremuan, Afganistango mugatik gertu, adierazi zion atzo France Presse agentziari bere nortasuna argitu nahi izan ez zuen Pakistango Segurtasun Indarretako ofizial batek.

«Azken zenbaketen arabera, 22 hildako izan dira, gehienak matxino islamistak», gaineratu zuen beste ofizial pakistandar batek. Hirugarren ofizial batek erasoan hildako gehienak «atzerriko borrokalariak» direla gaineratu zuen.

«Atzerriko borrokalariak» aipatzean, Pakistango agintariek adierazi nahi dute ez pakistandarrak ez afganistandarrak diren matxinoak. Al-Qaeda sareko kide arabiarrak edo Erdialdeko Asiakoak izendatzen dituzte esapide hori erabiltzean.

Informazio zerbitzuetako arduradun batek France Presse-ri azaldu zionez, Afganistango eta Pakistango talibanek Bhaganen dute entrenatzeko eremurik handiena. Afganistango matxinoek inguru hori beren herrialdeko erasoak prestatzeko ere erabiltzen dutela gaineratu zuen.

Pakistanek ez ditu begi onez ikusten piloturik gabeko hegazkinak erabiliz egiten diren erasoak, maiz zibilak hiltzen dituztelako. AEBetako agintariek onartu egin dute hala zibilen heriotza eragin izan dela. Dena den, Islamabad eta Washingtonen arteko harremanak ez dira eten.

Joan den ostiralean, AEBetako Senatuko Ikerketa Batzordeko buru Dianne Feinsteinek adierazi zuen piloturik gabeko hegazkin hauek Pakistango base batetik aireratzen direla.

Pakistango talde ugariren haserrea piztu zuen horrek, Islamabadeko Gobernua egoera zailean jarriz.

AEBetako presidente berriak, Barack Obamak, Iraketik tropak kendu, eta Afganistan eta Pakistanera bidali nahi ditu, talibanen eta Al-Qaedaren aurka aritzeko.

Xaria, Swat aranean

Pakistango Gobernuak eta buruzagi islamistak Swat aranean bildu dira, xaria edo lege islamikoa ezartzeko, Ipar-Mendebaldeko Muga probintziako Informazio ministro Mian Iftikhar Hussainek jakitera eman zuenez.

«Xariaren aurkako diren lege guztiak bertan behera utziko dira eta xariaren arabera ezarriko da justizia», gaineratu zuen Iftikhar Hussainek.

afganistan

Ustez talibanek buruturiko atentatuetan 29 pertsona hil dira Afganistanen azken orduetan. Hildakoen artean, bederatzi zibil eta NATOren soldadu bat daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo