GARA > Idatzia > > Ekonomia

Telemarketin-eko langileek Lakuaren «pasibotasuna» salatuko dute Gasteizen

LAB eta ELA sindikatuek gogor salatu dute telemarketin alorreko langileek bizi duten prekarietatea eta Lakuako Gobernuak egoera honen aurrean duen «pasibotasuna». Iaz Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen erdibideko zuzenketa bete dezatela exijitzen dute.

GARA |

LAB eta ELA sindikatuek deituta, datorren otsailaren 24an, Gasteizen, Lakuako Gobernuaren parean elkarretaratzea egingo dute telemarketin alorreko langileek sektorearen «prekarietate» egoeraren aurrean gobernu autonomikoaren «pasibotasuna» salatzeko.

Telemarketin alorrean 3.500 langile inguru dabiltza, ia denak emakumeak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Langileek egoera prekarioa bizi dutela salatu dute: urtean 1.764 lanordu betetzen dituzte, hileko 800 euroko soldataren truke. Nabarmendu dute, gainera, «puntako enpresentzat» egiten dutela lan, hala nola Lakuako Gobernua, Eroski, BBK, Iberdrola, Fagor, Euskaltel, Naturgas, BEC, Lagun Aro, Osakidetza, Kutxa nahiz EHU.

Protesta honekin, 2008ko urriaren 29an Gasteizko Parlamentuak onartu zuen erdibideko zuzenketa bete dezatela eskatuko dute. Zuzenketaren bidez, Lakuako Gobernuari «alorreko langileen lan baldintzen hobekuntza bultzatuz Euskadin telemarketin alorra defendatu» dezala eskatu zion Legebiltzarrak.

LABek eta ELAk telemarketin alorreko lan-hitzarmen propioa aldarrikatzen dute, «Estatu espainoleko egoerak eta Euskal Herrikoak ez dutelako zerikusirik». Aldarrikapen nagusiak, besteak beste, honakoak dira: soldataren %14ko igoera eta urtean lau ordainsari; gauak eta asteburuak egiteagatik plusak, baita txandagatik eta hizkuntza gaitasunagatik ere; asteko 35 orduko lanaldiak; aldi baterako ezintasun kasuetan soldataren %100 kobratzea; eta subrogazio klausulak egitea, kontratuen %95 aldi baterakoak baitira.

Sindikatu biek gogor salatu dute, Legebiltzarrean erdibideko-zuzenketa onartua izan arren, hilabeteak daramatzatela Lakuako Gobernuak neurriren bat hartzeko zain. «Nazkatuta gaude Eusko Jaurlaritzaren borondate faltaz», esan dute.

Urtarrilaren 26an Gasteizko Gobernuko Lan Sailarekin bilera eskatu zuten eta «kontu hau euren eskumenekoa» ez dela erantzun zieten. Sindikatuek gogor erantzun dute gatazka hau «guztiz euren eskumenekoa» dela esanez. «Ez al da botere publikoen eskumena gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatzea prestakuntza nahiz lan baldintzetan?», galdetu diote Lakuari. Gainera salatu dute telemarketin alorreko enpresa handieneko, Lanalde-Resultako, akziodun dela Gobernua, eta SOS Deiak, 112, Etxebide nahiz 012 zerbitzuetan «baldintza prekario horietan» egiten dutela lan.

Hilaren 24an Gasteizera joango dira Ibarretxek alor honetako «prekarietate egoera amaitzea nahi duen edo ez ikustera».

800 euro

Hilean 800 euroko soldata jasotzen dute telemarketin alorreko langileek eta ia denak emakumeak dira. Puntako hainbat enpresentzat egiten dute lan, besteak beste, Lakuako Gobernua, Eroski, BBK, Iberdrola, Fagor, Euskaltel, Naturgas, BEC, Lagun Aro, Osakidetza, Kutxa nahiz EHU.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo