Arkeologia Museoko zuzendariak «Veleia auzian» erantzukizunik ez duela esan du Batzar Nagusietan
Museoko zuzendaritzan Amelia Baldeonen jarraipena kolokan dagoenean, adituekin bat datorrela esan du berak, hiru hilabetez isilik egon ondoren. EAk, bestalde, bere familiak aztarnategian interesak izatea egotzi dio.
I. A. | GASTEIZ
Ikusmin handia zegoen Amelia Baldeonek, Arabako Arkeologia Museoko zuzendariak, Batzar Nagusietan atzo egin zuen agerraldian. Iruña-Veleiako aztarnategiko aurkikuntzak Adituen Batzordeak faltsutzat jo zituenetik, Baldeonek ez du gai honen gaineko azalpenik eman. Bestalde, Aldundiak behin betiko erabakirik ematea saihestu duen arren, Museoko Zuzendaritzan Baldeonen jarraipena zalantzan dagoela zabaldu da.
Arkeologia Museoko zuzendariak, Veleiako auzian erantzukizunik izatekotan, bera laugarrena izango zela adierazi zuen atzo, «ez lehena». Gogorarazi zuen bere gainetik Departamentuko burua, Kulturako zuzendaria eta Saileko zerbitzuburua daudela.
Bestalde, adituek ezagutzera eman zituzten ondorioekin «zeharo bat datorrela» nabarmendu zuen. Batzordeko kidea izanik, esanguratsua izan da Kultura diputatu Lorena Lopez de Lacalleren agerraldietan Amelia Baldeon ez egon izana. Lehenik, ez zen Batzar Nagusietan adituen ondoan egon; baina bitxiagoa izan zen Lurmen enpresako hiru arkeologo-ohien prentsaurrekoan ere ez egotea, Departamentuko langile gehienak izan baitziren prentsa aretoan, lehen ilarak betetzen.
Departamentuaren desadostasunak azaleratu ziren atzoko bilkuran, bereziki EAko ordezkariak egin zituen adierazpenak ikusita, eta Lopez de Lacalle alderdi horretakoa da. Patxi Martinez de Albenizek esan zuen Baldeonen familiak aztarnategian lan-interesak dituela, eta, horren adibidetzat, Baldeonen senarrak aurkikuntzen berri emateko argitalpen baten diseinua egin behar zuela ziurtatu zuen.
Baldeonen jarraipenari buruz, pasa den astean Arabako diputatu nagusiak, Xabier Agirrek, erabaki sendorik ez dagoela esan zuen. Departamentu barruko erantzukizunak argitzeko ikerketa abian dela azaldu zuen. Horren berri emateko Lopez de Lacalle bihar Batzar Nagusietan izango da.
Atzoko agerraldi osoa «Veleia auziak» bereganatu zuen arren, Baldeonen helburua beste bat zen, hain zuzen ere, Arkeologia Museo berria zertan den azaltzea. Patxi Mangadok diseinatu duen eraikin berri honen inaugurazioa atzeratua izan da hamaika aldiz. Enpresa eraikitzailearen aldaketak, kobre lapurretak edota ur iragazketak izan dira museoak izan dituen oztopoak, aurrekontua 3,3 milioitan handitzea eragin dutenak. Martxoan irekitzea iragarrita dago baina Baldeonek ez zuen data zehatzik eman nahi izan atzoko agerraldian.
Arkeologia Museo berriaren egoera azaltzea zen Baldeonen agerraldiaren helburu nagusia. Bibat izena izango du («bi batera» esanahiarekin, Fournier museoarekin bat egingo duelako). Irekitze data ez zuen zehaztu, ordea, nahiz eta inaugurazioa lehendik martxorako iragarrita egon.