GARA > Idatzia > > Kultura

«Cosmética del enemigo» antzezlana estreinatuko da gaur Arriaga Antzokian

GARA | BILBO

Anmelie Nothomb idazle belgikarraren nobelan («Cosmétique de l´ennemi») oinarrituta dagoen «Cosmética del Enemigo» antzezlanaren estreinaldiaren lekuko izango da Arriaga Antzokia gaur, bihar eta etzi eskainiko diren emanaldiei esker. Jose Luis Saizek zuzendu eta antzerkira moldatutako laneko protagonistak dira Jose Pedro Carrion (Jerôme August exekutiboa) eta Jesus Castejon (Textor Texel).

Buruz buruko antzezlana

Bi protagonistek antzezpen norgehiagoka bortitza dute antzezlanean. Hasiera batean, biek espazio fisikoa eta egoera bera partekatzen dute, aireportuko hegazkinera sartu aurreko gela eta hartu behar duten hegaldiaren itxaronaldi mugagabea. Hegazkina noiz aireratu zain dauden bitartean, Textor Texel enpresariarengana hurbiltzen da eta hizketan hasiko zaio. Exekutiboak gogo eza erakusten badu ere, Texelek hizketan jarraitzen du eta Jerôme August negozio gizonaren azpian gordeta diren mamuak esnaraziko ditu. Kontaketak aurrera egin ahala, bortxaketa eta hilketa gardentasun handiagoarekin azaleratuko dira eta Texelek Jerôme Augustek barnean dituen mamu horiekin bat egingo du era nazkagarrian.

«Cosmética del enemigo» Concha Bustoren ekoizpena da, Teatres de la Generalitat Valenciana-ren koprodukzioarekin, eta iazko urriaren 24an estreinatu zen Las Palmas Kanaria Handikoan. Estatu espainoleko hainbat hiritan emanaldiak eskaini ostean, Bilboko Arriaga Antzokiak hartuko du Euskal Herrian egingo duten estreinaldia. Lehenengo emanaldia gaur izango da, arratsaldeko zortzietan, eta beste bi emanaldi ere eskainiko dituzte, bata bihar eta bestea larunbatean, biak ordu berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo