Kronika | Ekitaldia Besaide mendian
Hiru herrialdeak batzen dituena aurkitu ezinean, PSE mendira joan da bila
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia elkartzen dituen Besaide mendiko muinoan egin zuen atzo hauteskunde ekitaldia PSEk, Patxi Lopez lehendakarigaia eta gainontzeko hautagai guztiak bertan zirela. Lurraldetasuna hizpide, euskaldunen «bilgune» direla dio PSEk, lau herrialde ahaztu arren.
Gari MUJIKA
PSEren Gipuzkoako hautagaiak, Bizkaikoak eta Arabakoak elkartu ziren atzo Besaide mendian, hiru herrialdeok batzen dituen muinoan. Bertara iristeko, herrialde bakoitzeko hautagaiek beren herrialdeko bidea egingo zutela iragarria zuten.
Gipuzkoatik doan bideari eutsi behar, beraz. Hala, Arrasatera iristear, «bilgune» berezia aurki zitekeen autopistako ordainlekuan: Ertzaintzaren kontrola. Ekitaldia gertu zelako seinale.
Arrasateko Udala auzoan PSEko Iñaki Arriola, Jesus Egiguren edota Gema Zabaleta azaltzen ez zirela ikusita, eta ordubeteko txangoa ez zutela egingo jakinda, Bizkaitik doan sarbidera gerturatzea izan zen, orduan, aukerarik onena. Kanpazarko portua igaro, eta Elorrio begien bistan.
«bilgunea»
PSEren hauteskunde kanpainako leloa, «bilgunea», halabeharrez ikastekoa da. Besaiderantz bidea hartu bezain laster, bertan baitzegoen eguneko bigarren «bilgunea»: Ertzaintzaren bigarren kontrola. Auto eta lagun ugari, asko, zituzten alboan. Ekitaldia bertan zen seinale.
Hautagaien segurtasuna kanpainako ezaugarri bihurtuko zela eman zuen aditzera Lakuak, orain egun gutxi. Baita hitza bete ere. Akaso horregatik jarriko zuten hitzordua ekitaldia egin baino ordubete lehenago. Eta estreinakoz jantzitako mendiko botak ez zikintzearren, hautagaiak «land rover»etan igo ziren. Berandu iritsitakoak, aldiz, bigarren «bilgunean» gelditu behar.
Baina ez zen horren urrutira joan beharrik Patxi Lopezen esanak aditzeko. «Geografia demokratikoaren ariketa bat egitera etorri gara Besaidera, hau baita euskal herritarren bilgune geografikoa, Euskadin bizi garen gizon eta emakume guztion sinboloa», azaldu zuen Portugaleteko lehendakarigaiak.
Hiru herrialde, hiru mezu: «Hiru ideia dira, hiru balore: batasuna, batuketa eta akordioa», Lopezen esanetan, PSEren hautagaitzak ordezkatzen duena. Ariketa matematiko zaila, lau herrialde baztertuz, aukera politikoak kenduz eta akordioa ukatuz. Edo akaso bestelakoa zen mezua? Izan ere, orain dela mende erdi eta gehiagotik, Besaide mendia bai baita zazpi herrialdeetako euskal mendizaleentzako ikur nabarmen bat.