Errepide kontrolak asko ugaritu dira eta Ertzaintzak ezarri ditu gehienak
Polizia indarrek Euskal Herriko errepideetan jartzen dituzten kontrolak nabarmen areagotu dira azkenaldian. Hala frogatu du amnistiaren aldeko mugimenduak Gipuzkoa eta Bizkaian izandako kontrolen jarraipena eginda. Azaldu duenez, Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren presentzia handitu den arren, Ertzaintzak ezarritako errepide kontrolak dira ugarienak, jasotako datuen arabera, kontrol horien %61 inguru Polizia horrenak ziren-eta.
GARA |
Azken asteetan polizia indarrek errepideetan ezartzen dituzten kontrolak ugaritu egin direla eman du aditzera amnistiaren aldeko mugimenduak. Baieztapen hori egiteaz gain, Gipuzkoako zein Bizkaiko herrietan azkenaldian jarritako kontrolen zerrenda bat ere plazaratu du mugimenduak -ondoko koadroan dago ikusgai igorritako zerrenda osoa-.
«Antiterrorista» izendatzen dituzten kontrol hauetan Ertzaintzak, Polizia espainolak eta Guardia Zibilak, burua estalirik eta metrailetak eskuetan dituztela, herritarrak gelditu, denbora luzez atxikita izan, identifikatu eta galdekatzen dituztela azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Horrelako jokabidearekin, gainera, «beldurra eta terrorea» zabaltzen dutela salatu du.
Guardia Zibilaren antzera
Esanguratsua da gainera, errepresioaren aurkako mugimenduak igorritako zerrendan aipatzen diren 21 inguruetatik hamahirutan kontrolak Ertzaintzak jarritakoak izatea. Aste honetan bertan gainera, Oreretako herritarrek Ertzaintzaren jarreraz kexu agertu dira azken hamabost egunetan egunean bitan pairatu behar izan baitituzte EAEko Poliziaren errepide kontrolak herrian barna. Horietan gainera, ertzainak erabat estalita, arma luzeak eta autoak geldiarazteko gurpilak zulatzeko gailuak izaten dituztela adierazi zuten, «Guardia zibilen antzera», gaineratu zuen GARAra deitu zuen herritarrak.
Balzaren agindupeko poliziaren jarrera kritikatu du mugimenduak, «Guardia Zibila eta Polizia espainolarekin duen elkarlana dela-eta». Haren iritziz, «argi baitago errepide kontrol basati horiek guztiak koordinatuta daudela»; «euskal herritarrak atxilotu eta torturatzea helburu duten polizia operazioak bezala», gaineratu zuen.
Kontrol horiek herri honetan «Estatu espainoleko errepresio estrategia aurrera eramaten» lan egiten duten poliziakideak «milaka» direla frogatzen dutela deritzo amnistiaren aldeko mugimenduak. Gainera, jokabide horren zergatiak ere argitu ditu oharrean, haren aburuz, errepresio horren bidez herri honetako sektore bat «isilarazi eta desagerrarazi» nahi dute, ezker abertzalea, hain zuzen ere.
Euskal Herriak «beharrezkoa duen bakea eta konponbidea» polizia ugaritzeak ez duela ekarriko nabarmendu du; «errepresioa areagotzeak ez du hori ekarriko, demokrazia areagotzeak baizik», gaineratu du. Horiek horrela, herri honek bizi duen «polizia okupazioak konponbidera hurbiltzen gaituenik ezin da esan».
Bilboko Deustu auzoan torturaren inguruko datuak azaltzen zituen hainbat panel gogoz apurtu zituen Ertzaintzak joan den ostiralean, torturaren aurkako egunean, hain zuzen ere. Era berean, panelekin batera torturatutako pertsonak irudikatzeko kalean jarritako panpinak ere «harrokeria handiz eta ostikoka» kendu zituztela eman du aditzera amnistiaren aldeko mugimenduak.
Gauez aritu ziren ertzainak panelen eta panpinen aurka, alta, mugimenduaren esanetan, lekuko ugarik ikusi zuten euren jokabidea.
Torturaren aurrean erakutsitako jarrera hori «lotsagarri» jo du eta egun horrek gainera, torturaren aurkako borrokan «esanahi berezia» duela gaineratu du. 1981eko otsailaren 13an Joxe Arregi zizurkildarra torturatuta hil baitzen.
EAEko Poliziaren portaera salatu duen arren, «ulergarria» dela nabarmendu du; «200 tortura salaketa baino gehiago bizkarrean dituen polizia indar baten eskutik zer espero dezakegu?».
Are gehiago, Ertzaintzaren jokabide hori EAJk torturaren aurrean duen jarrera politikoaren «ispilu argia» dela iritzi dio, torturaren errealitatea «ezkutatzeko, gutxiesteko jarrera», alegia.
Era honetako jokabideek ordea, tortura kasu berriei «bidea ireki baino» ez dietela egiten salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak eta horrelako jarrerak alboratu eta torturaren aurkako lanean murgil dadin gonbidapena zuzendu diote alderdi jeltzaleari. Hasteko gainera, «bere poliziak» dituen tortura salaketak ikertzeari ekin diezaion eskatu dio. GARA