GARA > Idatzia > > Mundua

Hamar hildako Mexikon, mertzenario eta soldaduen arteko liskar batean

AEBekin muga egiten duen Mexikoko Reynosa hirian soldadu eta soldatapeko hiltzaileen arteko liskar batek hamar hildako eragin zituen asteartean. Agintariek tiroketa honek eskualdean Armadaren kontra egiten diren protestekin zerikusik ez duela adierazi zuten.

GARA |

Hamar hildako izan ziren asteartean Mexikoko Armadako soldadu eta ustezko soldatapeko hiltzaileen artean Reynosa hirian -AEBekin mugan dagoen Tamaulipas estatuan-, iturri ofizialek adierazi zutenez.

«Bost zibil eta bost mertzenario daude hildakoen artean, eta hamabost eta hogei zauritu artean. Horrez gain, dirudienez, atxilotuak daude», esan zion Tamaulipaseko Segurtasun Publikoko idazkari Jose Soberonek Formula irratiari.

Soldaduen artean «zaurituak daude, besterik ez», gaineratu zuen Soberonek.

Liskarrak atzo Reynosan eta Tamaulipaseko beste hiri batzuetan ehunka lagunek egin zuten blokeoarekin zerikusirik ez zuela gaineratu zuen Soberonek. Protesta horiek inguru horretara Mexikoko Armadaren tropak igortzearen aurka burutu da, bertako soldaduek Golkoko Karteleko droga-saltzaileengandik dirua jasotzen dutela leporatzen baitiete.

Reynosako alkate Oscar Luebbertek Efe berri agentziari azaldu zionez, tiroketa Las Fuentes auzoan hasi zen, eta ondorengo lau ordutan hiriko beste toki batzuetara hedatu zen.

Alkateak ez zekien zerk eragin zuen soldaduen eta oraindik zehaztu gabeko pertsona talde baten arteko liskarra. Informazio ofizialik ez zuela jaso gaineratu zuen, baina Udaleko larrialdietako zerbitzuak gutxienez bost gorpu jasoak zituen.

«Ez dakigu hildako gehiago dagoen», gaineratu zuen Reynosako alkateak. Hiri hori AEBetako Brownsvillekin mugan dago eta atzo lasaitasuna zen nagusi Luebberten arabera. Hala ere, «jende askok etxean geratzea» erabaki duela esan zuen.

Horrez gain, denda, eskola eta bulego publikoek ateak itxi zituzten. «Reynosako biztanle ugarik liskarra zuzen-zuzenean bizi behar izan zuten», azaldu zuen Luebbertek.

Mugak, blokeatuta

Reynosan eta Taumalipasen ez ezik, AEBetako mugak Nuevo Leonen ere itxi zituzten. Reynosako manifestarien eledun Versain Zamoraren hitzetan, «gune urbanoak militarizatzeko politika guztiz okerra da, soldaduek biztanleriaren kontrako gehiegikeriak egiten baitituzte».

Veracruzen ere, Mexikoko hegoaldean, kaleak eta ordainlekuak blokeatu zituzten protestan ari zirenek Armada bertatik joan zedin eskatzeko.

Nuevo Leongo Monterrey hirian seigarren egunez jarraian egin zituzten atzo gisa horretako protestak. Poliziaren arabera, protesta horietan parte hartzen dutenek droga-saltzaileen dirua jasotzen dute.

ciudad juarez

Soldatapeko hiltzaile talde batek Ciudad Juarezeko -Mexikoko iparraldean, AEBekin mugan- poliziaburu Sacramento Perez eta bi bizkartzain hil zituen atzo autoan zeudenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo