GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Nahi gabe bezala, baina ondo neurtuta

 


Nire aitonak ere bazekien zerbait kanpainari buruz –Patxi Lopezek bere aitona Emilio aipatzen badu, zergatik ez nik nirea?–. Baserriko abereek pasa beharreko kanpainak nahikoa buruko min ematen zion. Gerora, etxeko mutil gazteak belarritakoekin azaltzen hasi ziren garaian, parean jartzen zituen: «Hara, kanpaina pasatako mutila», esaten zuen. Sano zeuden behiek txapa zeramaten belarrian eta asmo oneko mutilek, belarritakoa. Belarritakoarekin edo gabe, urrutitik sumatzen zituen asmo okerrekoak eta zuzenekoak.
 
Hauteskunde bete-betean, blogetako kanpainak, emazteen eta aitonen lepo egiten ari diren kanpainak, atentzioa eman dit. Inork gutxik jakingo du Patxi Lopezek Lehendakaritzara iritsiz gero, zer egingo duen euskal eskola publikoaren alde edo kontra. Hori bai, denoi argi samar geratu zaigu Patxi Lopezen benetako pasioa bere emaztea dela, Begoña Gil.
 
Hauteskunde kanpainak badu alderdi naif bat, garrantzirik gabekoa dirudiena baina ondo neurtutakoa. Mitin zurrunetatik eta mezu potoloetatik urruntzen saiatzen dira hautagaiak. Nahi gabe bezala, intentzio handirik gabe bezala, bestelako foroak erabiltzen dituzte beren irudia hurbiltzeko, gorbatak kendu, etxeko zapatilak jantzi eta lurtarrago azaltzeko. Finean, kolore politikoen gainetik, sinpatiko hutsak direla erakusteko. Ez esan Ibarretxe ez dela sinpatiko ageri bere GPSan, autoan, ohean, bazkaltzen... Mister Bean ekartzen dit gogora. Baina, adi, erne egon. Gorbatarekin edo etxeko zapatiletan, politikariak izaten jarraitzen dute. Ni albaitaria banintz, ez lukete kanpainarik pasako. Asmo garbi gutxi igartzen diet.
 
Post-data: Aitona, besteek nire izenean idatzitako blogetan ez dut zure pasadizorik kontatuko. Egon lasai.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo